• Munduko Pasaiak-Paisajes del Mundo (Eusko Jaurlaritza). Kulturen arteko hurbilketan eta integrazioan liburutegiek duten garrantzia >
  • Tolerantziarako irakurgaiak
  • 35 kilo esperantza (Anna Gavalda, Alberdania, 2004). Narrazioa. Hamairu urteko gazteak gorroto du eskola...
  • 1984 (George Orwell, Txalaparta, 2007). Narrazioa. Guztia kontrolpean izan nahi duen Anaia Nagusia da protagonista. Totalitarismoari kritika.
  • Aberriaren alde. Aberriaren kontra (Ramon Saizarbitoria, Alberdania, 1999). Saiakera. Euskara eta euskal kultura ditu hizpide. Liburuan tesi nagusi bat defendatzen da: euskara eta euskal kulturaren benetako egoera onartu beharrarena, fikzio batean bizi nahi ez badugu. Hain zuzen ere, Saizarbitoriak egoeraren konstatazioa egiten du, gure txikitasunarena. Hainbestetan aipatzen den homologazioaren aurrean jarrera eszeptikoa aurkezten du Saizarbitoriak, txikitasunean ere zenbait abantaila aurki daitezkeela-eta. Bestaldetik, euskara ideologia bat mantentzeko tresna izan dela aipatzen du, sinbolo moduan behintzat, eta oraingoz ezin izan duela bere gainetik zama bezalako hori kendu. Momentu batean egoera hori probetxugarria izan bazitekeen ere, gaur egun ikuspuntua gainditu behar dela.
  • Abertzaleak eta euskara edo nazio euskaldunaren gainbehera (Joxe Manuel Odriozola, Elkar, 2008). Saiakera. Gaia: abertzaleak eta euskara.
  • Adimenaren umeak (Hans Moravec, 2009). Nolakoa izango da gizaki-robota. Hipotesi batetik abiatzen da lliburua: egunen batean gizakiaren funtzio fisiko eta adimenezko guztiak baliokide artifiziala izango dutela. Moravecen ustez, pertsona biologikoki atzeratuta geratuko da; bai behintzat, sortu dituen gailu artifizialekin alderatuta. Izan ere, hiltzen garenean hardwarea desagertu egiten da. Baina, pertsona artifizialak edukiz gero, gure gogamena robot horietara transferitu ahalko da, nolabait hilezkor bihurtuz. Lan honetan adimen artifizialaren eremuan eman diren urratsak aztertzen dira, eta galdera batzuk egiten zaizkio irakurleari. Gure galaxian egon al daiteke zibilizazio robotikorik? Robotekin lan eginda nitasuna galduko al dugu?
  • Afrikako herriak (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2008).
  • Ai ama (Arantza Iturbe, Alberdania, 1999). Testigantza. Ama bilakatzearen esperientzia.
  • Aita-semeak (Ivan Sergeievitx Turgenev, Ibaizabal, 2000). Narrazioa. 1862an argitaratua, polemika bizia piztu zuen Errusiako intelektualen artean. Belaunaldi berriko gazte ikasien pentsamoldea deskribatu zuen Turgenevek obra honetan, aita-semeen arteko eztabaiden bidez nagusiki. Unibertsitateko ikasketak amaitu berriak zituzten gazte sutsu haiek aurreko belaunaldiaren printzipio moral eta sineste guztiak arbuiatzen zituzten, eta, gizartearen antolaketa ezin okerragotzat zeukatenez, hura errotik suntsitzea beste irtenbiderik ez zegoela aldarrikatzen zuten. Gerora zabalkunde handia izango zuen hitz bat asmatu zuen Turgenevek gazte oro ukatzaile eta suntsi-gose haiek izendatzeko: nihilistak deitu zien.
  • Alzheimer motako dementzia: zer da eta zer egin? (Askoren Artean, UEU, 2010). Eskuliburu teoriko-praktiko honen helburua da alzheimer dementzia motari buruz lehen hurbilketa orokorra egitea. Zazpi atal nagusi ditu eta bakoitzak hainbat azpiatal. Guztien amaieran, egitura bera baliatu da: batetik, gaiarekin erlazioa duten ariketa praktikoak prestatu dira irakurleak aztergai duen gaiaren aplikagarritasuna landu dezan; bestetik, atalaren laburpena aurkezten da irakurleak gaiaren ideia garrantzitsuenak ondo uler ditzan; eta azkenik, gaiarekin erlazioa duten erreferentzia gomendagarriak azaltzen dira irakurleak gaian sakondu dezan. Material teoriko-praktiko hau Psikologia, Psikopedagogia, Pedagogia, Gizarte Hezkuntza eta antzeko jakintza-arloetako ikasle zein profesionalentzat, adineko pertsonekin lan egiten duten gizarte-laguntzaileentzat, erizainentzat, eta abarrentzat prestatu bada ere, alzheimer motako dementzia duten pertsonen senideentzat eta gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat erabilgarria izan daiteke.
  • Ama Jainkosa: euskal mitologiatik interpretatua (Andres Ortiz-Oses, Gaiak, 2007). Euskal mitologia. 30.000 urtez Europan eta Mediterraneoko kostaldean garatutako Ama Jainkosaren esanahi mitikoak eta erritualak aztertzen dira.
  • Amatasuna eta aitatasuna. Proposamen berriak (Askoren Artean, UEU, 2006). Azken urte hauetan familia kontzeptua aldatu da, batik bat familia-eredu desberdinak nagusitu direlako, eta egungo euskal familien erdia baino gutxiago sar dezakegu familia "tradizionalaren" ereduaren barruan. Batetik, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza Estatu Espainiarrean legala denetik guraso izateko aukerak agertu dira, eta horrekin batera, eztabaida zabaldu da profesionalen artean eta gizartean. Bestetik, adopzioa egun ama eta aita izateko ohiko bidea bihurtzen ari da; gehienetan nazioarteko bidea jorratzen da eta Euskal Herri koloretsua da horren ondorioa. Familia-eredu berri hauetan gero eta ohikoagoa da guraso bakarra izatea edota dibortzio-prozesutik pasatu diren gurasoak ikustea. Halaber, hain haur gutxi izaten den herri honetan haurrak izateko planteamenduaren inguruko hausnarketa ere beharrezkoa dela pentsatzen dugu, hala nola bikotean haurra ekartzeak izango duen inpaktuaz. Era berean, gizartean gurasoen korrespontsabilitatea suspertzen duten lan-neurriak eta neurri legalak ere agertu berri dira. Alderdi hauek guztiak jorratzeko nola haur batzuekiko (hiperaktiboak, tenperamentu zailekoak, ezgaitasun bat daukatenak, supergaituak, eta behar berezidun haurren adopzioak) esku-hartze estrategiak planteatzeko, zenbait diziplinatako profesionalen lana bildu da liburu honetan.
  • Ametsen interpretazioa: inkontzientearen unibertsoan barrena (S. Freud, Gaiak, 1993). Ametsei buruzko Freud-en ikuspuntua aztertzen da, baita inkontziente kolektiboaren unibertsoa, eta ametsen faseak, ezaugarriak eta sinboloak ere.
  • Ametsak eta garuna (Askoren Artean, Gaiak, 2001). Historiaren hasieratik arduratu da gizakia ametsen jatorriaz eta esanahiaz, eta ordutik hasita aztertzen dute egileek garai eta kultura desberdinetan lo egitea eta amets egitea zer izan den. Antzinako Grezia, amets egitea mendebaleko Erdi Aroan zein Ekialdeko kulturetan, Ipar Amerikako herriek zer zioten honi buruz, Sigmund Freud eta psikoanalisiak eginiko ametsen interpretazioa, Carl Gustav Jungek Freudekin gai honen inguruan zituen desadostasunak, inkontziente kolektiboaren garrantzia, lotan ari garenean zer gertatzen den, garuna edo ametsak sortzen diren lekuaren funtzionamendua eta eboluzioa, amets premia eta ametsen baliagarritasuna, loaldiko arazoak...
  • Amilami (Juan Kruz Igerabide, Elkar, 2008). Narrazioa. Lamien inguruko ipuinen tradizioan oinarritutako amandre-ipuin luze edo eleberri eguneratu eta garaikidea eskaintzen du autoreak. Amilami sorgin gaztea da narrazioko pertsonaia nagusia. Haren abenturak eta larrialdiak kontatzen ditu liburuak. Amilami eta bere ama zintzoak dira, baina ez dira halakoak liburuko pertsonaia guztiak. Entziako mendietan bizi da Amilami, eta Baltzolako kobazulora joango da Sugoi zerbitzatzera. Kontakizun nagusiaz gain, lamiei buruzko ipuinak, poematxoak eta aho korapiloak ere aurkituko ditu liburuaren irakurleak.
  • Amodioaren gazi-gozoak (Aitor Arana, Ibaizabal, 2004). Narrazioa. XX. mendearen hasieran lanerako saldu zuten Miren neskatoa. Gezurra badirudi ere, horrelako gauzak egiten ziren gure herrian bertan. Gorabehera handiko bizimodua izan zuen Mirenek baserrian beti zerbitzari, beti lanean. Maitasunez beteriko urte samurrak ere ezagutu zituen, urte luzeetan gartzela izandako baserria paradisu bihurtu zitzaionean.
  • Amonak Alzhei..zer? (veronique Van den Abeele, TTarttalo, 2009). Narrazioa. Umeentzako liburuxka. Katixak bere amonak Alzheimer gaixotasuna duela jakin du. Alzhei... zer? Katixak ezin du hitz hori ulertu. Gauza bat baino ez daki: amonak laguntza behar du.
  • Animaliak sakratu direnean (Murgil Taldea, Gaiak, 1999). Lan honen mamia bestiario sinbolikoak osatzen du. Honez gain, legenda eta mitologietan bizi diren irudizko animalien berri ere ematen da.
  • Animismoa Zuberoan (Txomin Peillen, Haranburu, 1985). Autoreak liburu honetan Euskal Herriko mendebaldeko Pirinioetan orain dela gutxi arte bizirik iraun duten sinesmen animisten berri ematen digu.
  • Arrainontzia (Aizpea Goenaga, Atenea, 2010). Antzerki obra. Tratu txarren ingurukoa.
  • Arrazismoa beti bizirik (Gaiak, Egile editore, 1992). Liburuan arrazismoaren istorioa ageri da, eta egungo egoera. Egia esan, gizatalde asko izan da zanpatua: ijitoak, juduak, palestinarrak, ipar-afrikarrak, beltzak, etorkinak eta abar.
  • Arrazakeria, nire alabari azaldua (Tahar Ben Jelloun, Txalaparta, 2001). Liburu honetan, goseak behartuta, halabeharrez sorlekua utzi eta beste herrialde aberatsago batzuetara lan bila doazen etorkinek lurralde horietan jasan behar izaten dituzten portaerak eta horiek beraiengan dituzten ondorioak azaltzen ditu, bere hamar urteko alabak egindako galderei erantzunez. Arrazismoaren jokabidea nahikoa hedaturik dagoelako nonahi, hezkuntzaren garrantziaz jabeturik, haurrak eta gurasoak hezi nahian idatzi du Tahar Ben Jellounek kolore guztien eta elkarrenganako errespetuaren aldarri bizia den lan hau.
  • Aurpegiko ubeldurak (Anton Kazabon, 2010). Narrazioa. Emakumeen aurkako tratu txarrei buruz idatzi du idazleak.Matilde erietxean dago, senarraren jipoia jaso ostean arrastoak sendatzen. Enara izeneko alabak egiten dizkion bisitak dira kontakizunaren hari nagusia. Alabak, liburuak aurrera egin ahala, gurasoen harremanari buruz gogoetatuko du, bere arazoak konpontzen saiatzearekin batera. Bide horretan, biolentzia matxistaz gain, bestelako gaiak ere azalduko zaizkio irakurleari: alkoholismoa, bikote-harremanak, familia puskatuetan seme-alabek bizitzen dituzten egoerak...
  • Azken anaia (Nathacha Appanah, Alberdania, 2008). Narrazioa. Aitak lantoki duen kartzelaren atarian jolasean ari dela, kartzelako preso bat ezagutuko du Raj-ek, bere adin bertsukoa, eta adiskide egingo dira mutiko biak, presoa eta kartzelazainaren semea. Appanahren nobelako presoa, David, judua izanagatik, ez dago Europan, ez dago nazien kontzentrazio esparru batean, Afrikan baizik. Maurizio Uhartean zehazki, eta ingelesek dute preso hartua, ingelesek kolonizatutako lurraldean. Europako hainbat iheslari eraman dituzte L'Atlantic itsasontzian Palestinara, baina ez diete han sartzen utzi eta ingelesek Mauriziora deportatu dituzte. Deportatu horietako bat da David.
  • Azken egunak Gandiagarekin (Joxe Azurmendi, Elkar, 2009).Gandiagaren obraren azterketa gisa hasitakoak bakarkako meditazio sorta bat dakar berarekin: zer den gaur, XXI. mendean, sinestea; zertan sinesten edo ez-sinesten dugun, nork bere kasa eta denok ere geure historiaren arabera; zeri deritzogun Jainkoa, hura baiesteko nahiz ukatzeko.
  • Babeli gorazarre (Patxi Baztarrika, Alberdania, 2010). Hizkuntza aniztasuna aldarrikatzen da.
  • Bai baina ez baina bai (Pasqual Alapont, Elkar, 2007). Narrazioa. Mutil gazte bat bere ikasgelakoekin doa Mallorcara ikasturte-amaierako bidaian. Umoretsua.
  • Bai mundu berria (Aldous Huxley, Elkar, 2003). Narrazioa. Izan ote liteke gizarte perfekturik? 1932an imajinatu zuen Huxleyk mundu berri hau, utopia moderno bat, non ez dagoen goserik, ez beharrik, ez zoritxarrik. Dena dago antolatua, prestatua, bakoitzak du bere lekua eta pozik bizi da leku horretan. Hala ere, mundu bikain horretan gizakia ez da benetako gizaki: zoriona derrigorrezkoa baldin bada non da aukera, predestinazioak non uzten du askatasuna, grinarik gabe posible ote da artea? Gizarte futurista horrek, guztiz urrun eta irudimenezkoa izanik ere, askotan geurearen hainbat alderdi dakarzkigu gogora, Huxleyk sekulako zorroztasuna izan zuelako bai zientziaren bai politikaren norabideei antzemateko. Oso liburu gutxi idatzi dira hau bezain lazgarriak, izugarriak, erabat asmatua izan arren halako egiaren irudipena sortu eta irakurleari zer pentsatua ematen diotenak.
  • Bakartasunez bi hitz (Filipe Bidart, Txalaparta, 2004). Kartzelan bakarturik eduki zuten 25 hilabetez Filipe Bidart euskal presoa. Garai gogor horren inguruko testigantza da liburu hau.
  • Balioak, ezkon-arauak, hizkuntzak, sexualitatea, familia... gizarte desberdinetan. Gizarte Antropologia (Askoren Artean, Gaiak, 1999) Bertan, teoria antropologiko desberdinak aurkezten dira, kulturak zertan diren anitzak eta zertan unibertsalak adierazten da. Gainera, azpimarratu egiten da zein diren gizarteak eta kulturak moldatzen dituzten elementuak. Gizarte-estratifikazioa noiz eta zergatik azaltzen den, gainetik bada ere, azaldu egiten da edota hezkuntzak (kulturak alegia) gizabanakoarengan duen eraginaz eztabaidatzen da... Hau guztia irudiz, grafikoz eta ariketaz hornitua dago.
  • Balioak, gaur egungo gizartean (Jose Luis Lasa, Goierri Eskola?, 2010). Giza balioei buruzko liburua.
  • Barneko liburua-Fihi ma fihi (Jalaludin Rumi, Ibaizabal, 2009). Gizadiak eman duen maisu espiritual handienetakoaz gainera, garai guztietako poeta gorenetakoa da Jalaludin Rumi (Persia, XIII. mendea). Poeta mistikoa, edo mistiko poeta. Eta mistiko poeta dantzaria. Bere prosazko idazkien artean, "Barneko Liburua" ("Fihi Ma Fihi") da agian garrantzizkoena. Irudi eta ipuin ederrez josia dago, ustekabez eta paradoxaz betea. Pasarterik pasarte, elkarrizketarik elkarrizketa, pentsakor jartzen gaitu eta logikaren haria haustera behartzen. Izan ere, "ez ulertzean datza ulermena". Erlijioa hitzez osatua dago, eta beharrezkoak dira hitzak, baina "hitza, bilatzera bultzatzen zaituelako da baliagarri". Mundu guztiko sufi derbitxeek jira-biraka jarraitzen dute dantzan, Rumi maisuak erakutsi zien bezala, den ororen bihotzari begira, den ororen funtsaren bila, hitz eta forma guztiak baino haratago.
  • Basamortua (Jean-Marie Gustave le Clezio, Elkar, 2009). Narrazioa. XX. mende hasieran frantsesek fusilaren puntan obratutako Sahararen konkista odoltsua hondo gisa harturik marrazten da, Lalla izeneko neska berberearen istorioa. Basamortuko gerlari urdinen leinukoa, Ipar Afrikako hiri izengabe bateko bazter auzo batean bizi da neskatoa, dunen artean jolasean Hartani artzain gormutuarekin, edo Europako hirien berri entzunez Naman judu arrantzale xaharraren ahotik; etorkin bilakaturik, Marseillara iritsiko da: kalez kale alderrai ibiliz, hotel xaxtar bateko garbiketak eginez edo fotografo batentzako modelo bilakaturik, Lallak ez du inoiz galduko bere izaera alaia, ez bere begirada aratza, ezta bere jatorriaren oroitzapena ere. Norabide bikoitzeko bidaia honetan, kulturen arteko talkaren barne toles itsusienak ikusarazten zaizkigu ahoan bilorik gabe. Zibilizazio, garapen eta aurrerakuntza kontzeptu kanonikoak errotik astintzen dituen istorio gordin bezain poetikoa.
  • Bat, bi Manchester (Irati Jimenez, Elkar, 2006). Narrazioa. Bi mutilen arteko maitasun istorio bat kontatzen da. Bat homosexuala da, bestea hetereoa.
  • Bekatuaren itzala (Xabier Mendiguren, Elkar, 1995). Narrazioa. Apaiz baten grina sexualaren inguruko gogoetak kontatzen zaizkigu liburu honetan. Apaiza Euskal Herriko herrixka batean bizi da serora eta bere alabarekin. Nobela interesgarria bada, are interesgarriagoa egiten dute Joxe Azurmendiren hitzaurre eta epilogoak. Hitzaurre mamitsu bezain zabal horretan, Azurmendik nobela hizpide harturik, besteak beste emakumearen figura aztertzen du literaturan zehar.
  • Belarra kantari (Doris Lessing, Elkar, 2008). Narrazioa. Istorioa Hegoafrikan kokaturik dago eta heriotza, arrazakeria eta matxismoa gordin isladatzen ditu liburuak.
  • Berandu baino lehen. Erretratuak XXI. mendeari (Joseba Azkarraga, Alberdania, 2009). Saiakera. Autoreak XXI. mende hasierako bizitzari erretratuak atera dizkio liburu honetan. Gizartean gertatzen ari diren aldaketei usnan ari zaigu. Ikuspegi zabala eskaintzen digu, hainbat baitira begipean hartu dituen gizarte arloak: krisi ekologikoa; depresioa eta bere kausa sozialak; euskal subiranismoa; gay kultura; Mendebaldearen garapen eredua; ego indibidualaren inflazioa; euskal gatazka; maitasuna eta gaurko harreman afektiboak; gorputzari diogun lilura; emakumeen mendekotasuna; pobrezia; korporazio globalak; espainiartasuna; familia eta umeen hazkuntza; identitate kontsumistak; krisi energetikoa; edo patologia psikiko berriak.
  • Beste sexualitateak. Sexu-aniztasunerantz (Askoren Artean, Gaiak, 2003). Liburuan jokabide sexualek garai eta kultura ezberdinetan izan duten trataera aztertzen da, desira homosexualak ere baudakalako bere historia, sexu bereko pertsonen artean erakarpena sentitzea gizakia bezain zaharra delako, nahiz horrela sentitzen dutenak gehienetan baztertuak eta zigortuak izan diren.
  • Bi anai (Bernardo Atxaga, Erein, 2000). Narrazioa. Bi anaien istorioa kontatzen da: Paulo eta Daniel anaia atzeratua.
  • Bi hitz (Garazi Goia, Alberdania, 2008). Eleberria. Nora ezean dabilen neska baten ibilbidea kontatzen da.
  • Bi marra arrosa (Jasone Osoro, Txalaparta, 2009). Autoreak bere lehen haurdunaldiko testigantza jasotzen du.
  • Bidea (Josemaria Escriva de Balaguer, Eunsa, 2000). Opusko sortzailearen liburu nagusia.
  • Bideak, aldapak eta bihurguneak (Juan Luis Zabala, Elkar, 2007). Txirrindularitza maite duen hamasei urte inguruko neska gazte baten buruhauste eta noraezak.
  • Bilbo samurai (Fernando Morillo, Txalaparta, 2010). Narrazioa. Dena amildu zenean, Hondamendian, ez zen aienetarako astirik izan. Zibilizazioa porrokaturik geratu zen, hondarrezko gaztelu bat itsaso basati baten olatuen aurrean bezala. Bat-batean eta bortizkeria handiz gertatu zen dena. Orduan, bere lubaki primarioenean babestu zen bizitza: bestea hil ala norbera. Bi hamarkada joanak dira Hondamendia gertatu zenetik. Eta amildegitik haratago zegoen mundua errealitate bihurtu da. Bertan, arnasaldi bakoitza labankada da eta izkina bakoitza ustekabe, baita alderantziz ere. Bilbo Samurairen historia da hau. Bizkarrean daraman sega eta Xuri gaztea bidelagun, herriz herri eta borrokaz borroka dabil Bilbo, Hondamendiaren aurretik Euskal Herria deituriko lekuan.
  • Bioteknologiaren aurrerapen osasungarri eta jasangarria (Leire Escajedo, Elhuyar, 2008). Bioteknologia modernoak aukera handiak eskaini ditzake, besteak beste, nekazaritzarako, elikagaigintzarako eta industriaren zenbait arlotarako. Baina teknologia horrek gatazka ugari sortzen ditu, osasunean eta ingurumenean, kontsumitzaileen eskubideetan eta garabidean dauden herrialdeen ekonomietan izan ditzakeen ondorioak direla eta. Bioteknologian orain arte egindako ibilbidearen ikuspegi zehatza aztertzen du autoreak, eta praktikan sortu diren arazoak eta kontraesanen berri ere ematen du.
  • Biziak bizilan (Juan Manuel Etxeberria, Ibaizabal, 2001). Narrazioa. Eleberri honetan, amama-iloba batzuen arteko elkarrizketa bidez, gaur bizi dugun belaunandien egoera ikus daiteke. Gure artean, hiru belaunaldi bizi gara batera, baina ez lehen bezala, bizimodua aldatuz doalako, gizartearen aldaketa sozio-ekonomiko-politikoak bitarteko. Elaberri honetan, amonak, berak bizitako garaia erakusten digu, iloba gazteak ere bere hiririk harakoa eta erdi-erdian dute semea batak eta baita besteak.
  • Biziaren izaera (C. H. Waddington, Klasikoak, 2010). Egileak biologia modernoko pentsamenduaren arazo eta joera nagusiak azaltzen ditu.
  • Budaren Hitza (Nianatiloka Mahathera, Ibaizabal, 2007). Liburu hau Budaren irakaspen nagusien bilduma da, Nyanatiloka Mahathera (1878-1957) maisuak eratua. Budismoaren klasiko handitzat jotzen dute adituek.
  • Cyborgaren otzantasuna (J. B. Bengoetxea, Elkar, 2009).Saiakera. Cyborga irudia, ideia edo metafora ez ezik, gauza erreal gisa ere erabiltzen du egileak. Zuk, nik, edozein gizakik teknologiarekin duen harremana, erabat barneraturikoa eta ia-ia beharrezkoa, islatzen du.
  • Dadahwat (Askoren Artean, Elkar-Argitaletxe Elkartuak, 2003). Hamar urtetik aurrerako irakurleei zuzendua dago Ipar Amerikako indiarren zenbait kondaira jasotzen dituen liburu hau. Bide batez, Amerikako jatorrizko biztanleen kokagune geografikoak zehaztu eta haien gizartea, erlijio animista, historia, hizkuntzak, kulturak eta egungo egoera laburbiltzen duten hainbat xehetasun eskaintzen dira bertan. Miquel Desclotek, Herminia Masek eta Josep-Francesc Delgadok bildu eta Antton Planok euskaratu dituen kontakizunok -"Eguzkia ekarri zuen koiotea", "Eguraldi ona lapurtu dute", "Marrubi goiztiarrak", "Ostadar sugea", "Igebelar zuria" eta "Igarabaren adiskidetasuna"- naturarekiko armoniaz, lurrarekiko eta animaliekiko begiruneaz eta esker onaz mintzo dira, eta baita maitasunaren, lagun izatearen eta barkamenaren garrantziaz ere.
  • Dao De Jing-Lao Zi (Lao Zi, Ibaizabal, 2007). Laoismoa.
  • Demokratak eta biolentoak (Joxe Azurmendi, Elkar, 1997). Saiakera. Demokratak eta biolentoak, horra hor modu antagonikoan aurkezturik liburuaren gaia, gu denok kezkatzen eta are nazkatzen gaituen problema: herri honen bizi nahi eta ezin bizi tristea, heriosuharrezko borroka sarritan antzu beti mingarria, ez hemengoekin ez hangoekin gustura eta identifikaturik sentitu ezina, auzo eta lankide behar luketenak liskarturik eta muturturik ibili beharra... Bi hitzetan esateko, Euskal Herriaren egoera petrala. Modu antagonikoan ez ezik, estilo polemistan idatzi du autoreak saiakera berri hau, arazo gordinenei ihes egin ordez horiexei helduz hasieratik bertatik. Hona, esate baterako, liburuaren hasierako hitzak: "Zer zarete zuek lehenago: abertzaleak ala demokratak?". Probokatu egin nahi gaitu egileak, kitzikatu, ez ordea bere burua nabarmentzeko edo inor epatatzeko, ezpada irakurleari bere kabuz pentsarazteko; izan ere, ohituegi gaude hemen nork bere elizatxoko fedea itsuki sinesten, eta badugu garaia betiko topikoak, katarro kroniko hau, gainetik kentzeko.
  • Desira desordenatuak. Quer irakurketak (euskal) literaturaz (Askoren Artean, Utriusque Vasconiae, 2010). Literatura eta gay mundua.
  • Desobedientzia zibila (Henry D. Thoureua, Potxo Edizioak, 2010).
  • Diamanteak harean (Joseba Gomez eta Jose Manuel Carrasco, 2009). Komikia. Afrikako herririk zaharrena da Kalahariko boskimanoena. Haien lurretan diamanteak aurkitu izanak bizkortu egin zuen antzinako kultura horren suntsiketa.
  • Egonezina kulturan (Sigmund Freud, Gaiak, 2009). Hona hemen Freuden libururik garrantzitsuenetako bat. Bertan kulturaren eta gizakiaren arteko harremanak aztertzen dira. Kultura-eboluzioa giza espezieak bizirik irauteko duen borrokaren isla da. Gizakiak bulkaden errepresioa barneratzen ikasten du, bere jarraipena segurtatzeko: niaren aurrean supernia sortzen da. Harreman horietan agertzen dira erruduntasun-sentimendua eta moralaren genealogia. Supernia kanpoko zentsuraren jarraitzailea da, nolabait. Eta bulkaden errepresioaren bidez kultura sortzen da.
  • Egunero hasten delako (Ramon Saizarbitoria, Erein, 2000). Narrazioa. Abortatzera doan neska gazte bat.
  • Egunerokoa ez dena (Imanol Azkue, Erein, 2005). Narrazioa. Bikote harremanen okertzea gai duten lau ipuin.
  • Egunerokoa lokatz-eremuan (Ricardo Gomez, Ibaizabal, 2002). Narrazioa. Nushi bere herrialdera, Balkanetara, itzuli den neska nerabea da, sendi espainiar batean urtebete eman ondoren. Aurkitzen den errefuxiatu-eremuan eguneroko bizipenak idatzi ditu koaderno batean eta Espainiara bidali. Nushik, honetan, eremuko biztanleen eguneroko bizitza, atsekabeek eta gerrak uzten duten aztarnari buruzko bere hausnarketak, bere beldurrak eta itxaropenak eta bizimodu berria hasteko asmoa adierazten ditu. Labur esanda, heldutasunerako pausoa.
  • Eichmann in Jerusalem. Gaizkiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat (Hannah Arendt, Klasikoak, 2008). Saiakera. Adolf Eichmann naziaren epaiketaren kontaketaren bitartez, giza izaeraz eta totalitarismoaz gogoeta egiten da. Juduen holokaustoa, nazismoa, totalitarismoak...
  • Ekialdetik iritsi zen Enara (Xabier Etxaniz, Alberdania, 2008).Txinan gauzatutako adopzio baten istoria.
  • Elaia haur zeliakoaren istorioa (Gari Berasaluze, Txalaparta, 2010). Narrazioa. Haur eta gazte literatura.
  • Elikadura eta osasuna (Gaiak, Egile editore, 1994). Egungo ohituretatik abiatuz, ohitura txarrak baztertzeko eta dieta orekatuak prestatzen ikasteko bideak arakatzen ditu liburu honek. Oinarrizko mantenugaiak zein diren azaltzen digu liburuak, eta zein funtzio duten, eta mantenugai horiek behar baino gehiago edo gutxiago hartzeak zer dakarkion gorputzari. Elikagaika nola prozesatzen ditugun ere azaltzen da, eta baita, publizitatearen erdizkako egiak salatzen ere. Bestalde, dieta orekatua nola prestatu esaten zaigu, eta zenbat dietaren alde on eta txarrak irakasten. Jaten dena zergatik jaten den ere azaltzen du liburuxka honek, eta elikagai-konbinazioen taula ere ematen da. Azkenik esan, liburua ez dela irakurtzeko bakarrik. Zenbait ariketa ere proposatzen ditu.
  • Elurra sutan (Juan Kruz Igerabide, Alberdania, 2009). Narrazioa. Yoga-maisu bat Bilbon trantsizio-garaian, semearekin Indiatik etorria. Bakezaletasuna eta mistika, industria-gainbeherak eta trantsizioak berekin dituzten gatazkekin nahasturik. Aldi berean, mendizaletasunaren eta eskaladaren mistika, yogarekin, astrologiarekin eta New Age joerekin bateraturik. Euskal esoterismoa loratzen ahaleginduko dira testuinguru horretan.
  • Emakumeak eta feminismoa mendebaldean (Askoren Artean, Gaiak, 1999). Mendebaldeko emakumearen rola aldatuz joan da progresoak aurrera egin ahala eta liburuaren atal ezberdinetan honen berri ematen da, emakumeak historiaren aro edo garai ezberdinetan bizi izan dituen egoeren berri alegia. Feminismoaren historia labur bat ere egiten da eta ondoren, emakumearekin zerikusia duten egungo zenbait kontzeptu azaltzen da. Liburuaren azken atalean eztabaidarako zenbait gai proposatzen da, hala nola, sexuen arteko berdintasuna, aborto-eskubidea edo etxeko lanak.
  • Emakumeak Euskal Herrian: erresistentziak eta hausturak (Teresa del Valle, Gaiak, 2001). Emakumeak eguneroko ekintzetan lortzen ari diren espazio propioak aztertzen dira. Emakumeen asoziazionismoa, mugimedu feminista, mundu politikoa...
  • Emakumeak mintzo (Aizan, Elkar-AEK, 1984).
  • Emakumeak XX. mendeko historian. Pertsonaiak, gaiak, gertaerak (Alizia Stürtze-Maria Colera, Gaiak, 2002). Emakunde saria Hezkuntza arloan eskuratu zuen lan honek. Hiru atal nagusitan dago banaturik joan den mendean emakumeek beren askatasuna lortzeko emandako aurrerapauso izugarriak -eta baita atzerapauso batzuk ere- azaltzen dituen liburu hau. Lehenengoan, XX. mendeko emakumeen historia eskaintzen da, urtez urteko berri esanguratsu batzuen bidez: "1900: Eskolatu behar al dira neskatoak?" izenekoa, kasu. Bigarren atalean, ematea lortutako aurrerapauso ugariak eta zenbait atzerapauso ere bai. Eta hirugarrengoan, igaro berri den mende horren historian protagonista izan ziren emakumeen biografia laburrak agertzen dira.
  • Emaztea kapelarekin nahasi zuen gizona (Oliver Sacks, Klasikoak, 2010). Klasiko bat da neurologiaren dibulgazioan, eta horregatik gomendatu digu Felix Zubia EHUko irakasle eta mediku intentsibistak. Oso liburu interesgarria da buruko gaitzak ezagutu nahi dituen edozeinentzat. Istorio laburren bidez, oso adibide argiekin azaltzen ditu buruko gaixotasun ohikoenen sintomak, eta gaixoak nola bizi dituen. Adibidez, depresioa, asaldura obsesibo-konpultsiboa eta eskizofrenia. Bestelako berri asko eragiten dituzten gaixotasunak izanik, hona hemen zientziatik modu errazean hurbiltzeko modu bat" dio Zubiak. Liburu klasiko honen euskarazko bertsioa, gainera, argitaratu berri du Klasikoak argitaletxeak. Lau ataletan banatuta dago. Lehen atala gabeziei buruzkoa da. Han dago liburuari izenburua ematen dion kasua. Musikari batek arazoak zituen ikusmena kontrolatzen duen garunaren gunearekin. Ez zuen beste ahalmenik galdu, baina bai gauzak begiz identifikatzeko ahalmena. Halako batean, emaztea eta kapela bat nahasi zituen, adibidez.Liburuaren bigarren atalean, kontrako bost kasu aurkezten ditu Sacksek: gabeziak izan beharrean, gehiegizko ahalmenak garatzen dituzten pazienteen kasuak. Adibidez, sexu-grina handia sentitzen zuen laurogeita hamar urteko emakume baten kasua ( House telesailean erabili izan den kasua). Sacksek esaten du neurologia klasikoak, Hughlings Jackson neurologoaren eskolak, ez zituela horrelako kasuak aintzat hartzen, eta horregatik ez zutela arreta handia jaso 1980ko hamarkadara arte, gutxi gorabehera. Hirugarren atala suminaldien atala da. Ez dira kalte fisikoak eragiten dituzten arazo neurologikoak; arazoa da pazienteek errealak balira bezala bizitzen dituztela ametsak eta oroitzapenak. Azken atalean, pazienteen xalotasunak aurkezten ditu Sacksek. Adibidez, ume batek bezala jokatzen duen hemeretzi urteko neska baten kasua; ezin du ikasi zapatak nola jantzi edo giltza bat nola erabili; aldiz, ez du kalterik agertzen beste hainbat ahalmenetan. Ibilbide profesional luze batean zehar tratatutako kasuen bitartez, Oliver Sacksek neurologia aurkezten digu, eta laguntzen digu ulertzen batzuetan arazo baten jatorria ez dela begi-bistakoa. Garunean pixka bat murgilduz gero, ezusteko ederrak aurkitzen dira.
  • Enpleguaren arbola (Pablo Sastre, Susa, 2006). Narrazioa. Mixa errusiarrak intsertzio soziolaboraleko programa batean parte hartu beharra dauka Andoainen, orain jasotzen duen dirulaguntza ez galtzearren.
  • Enpresaren etika (Javier Goroskieta, Deustuko Unibertsitatea, 1999). Makroekonomiaren alorreko zenbait gai biltzen da liburuan, adibidez, merkatu teorikoena eta inflazioarena; baita enpresaren ekonomiaren alorreko beste hainbat ere. Baina guztietan agerian utzi nahi du egileak gai horiek eta benetako munduak, horren barne bai pertsonak (kontsumitzaile, langile, langabetu), bai natura bera ere (ekologia) hartuz, dituzten harremanak. Halaber, gai horietan enpresarioak edo, besterik gabe, enpresako zuzendariak duen eginkizuna aztertzea du helburu egileak.
  • Erlijioak munduan. Animismoa, hinduismoa, budismoa, kristautasuna, judaismoa, islama, sektak ( Iñaki González de Garai, Gaiak, 1997).
  • Ero (Jon Martin, Elkar, 2008). Narrazioa. Non dago normaltasunaren eta erotasunaren arteko marra? Eta erotasunaren eta erokeriaren arteko muga? Ertz labain horretan jolasean dabiltza liburu honetako kontakizunak, hainbat gizon-emakumeren beldur eta irriken bitartez gizartearen beraren makurdurak agerian jarriz.Traste zaharrak pilatzen dituen atsoa, adikzioak burmuinak nahastu dizkion gaztea, urteak betetzeari uko egin nahi dion gizon heldua… Istorio hauetako protagonista batzuk aise sailka ditzakegu psikiatriaren arabera, patologia kliniko bat ezarri eta lasai segi, geure bidean. Beste asko, berriz, itxura normalaren pean, gutako edozeinen ispilu izan litezke, baina ispilu deformatu hori ez da horren lasaigarria…
  • Eros eta zibilizazioa (Herbert Marcuse, Gaiak, 2008). Autorearen ustez, zibilizazioa eraikitzea atsegin-printzipioaren murrizketan oinarritzen da. Marcusek kritikatzen du produkzio- eta kontsumo-gizarteak sortutako alienazioa. Baina, bestalde, zibilizazioaren existentzia instintuen joerak mugatzen dituen guztia mailaz maila ezeztatzearen mende dago, eta bizi-instintuak indartzearen eta Erosen ahalmen konstruktiboa askatzearen mende. Marcusek uste du Mendebaldeko indar produktiboek erdietsitako mailak ahalbidetzen duela errepresio-soberakina Erosengana desbideratzea. Horrela, lana askatzaile bihurtuko litzateke eta zibilizazio ez-errepresibo baten aldeko aurrebaldintzak eskuratuko genituzke.
  • Errumania: "Periko txoriburu". Herri-zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclée de Brouwer, 2008). Bilduma honetan egileek herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua ( Herri-zaporea) aniztasunaren aldeko apustua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi ditugu. Ale honekin Errumaniako zapore eta ohiturak ezagutzeko ezinbesteko aukera aurkituko dugu eta hango ipuin ezagun bat irakurriko dugu.
  • Errusia: "Elurretako erregina". Herri-zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclée de Brouwer, 2009). Herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu
  • Esklabotzaren historia (Basandere Taldea, Gaiak, 2001). Esklabotza Antzinako munduan eta bereziki Aro Moderno eta Aro Garaikidean.
  • Eskuetan mapak (Asier Serrano, Txalaparta, 2007). Narrazioa. Musika talde bat 90eko hamarkadan. Drogen eragina, adiskidetasuna, traizioak, amodioa, politika...
  • Estetika modernoaren inguruan hainbat hausnarketa euskaraz (Aitor Aurrekoetxea, Hiria, 2011). Saiakera. Oraindik ere, zoritxarrez diziplina batzuetan euskal hizkuntzan idatzitako testu gutxi daude. Eta hain zuzen ere, horietariko bat estetika dela esan dezakegu. Horregatik, umiltasunez bada ere, liburu hau euskaraz egindako artearen teoriara hurbiltzeko saiakera da; izan ere, bertan, artea eta arteari buruzko galdera amaiezinen inguruko pentsamendu modernoa ezarri duten egile batzuen ekarpen esanguratsuenak aztertzen dira. Horrela, I. Kant, F. Schiller, Hölderlin, V. Hugo edo C. Baudelaire-n laguntzarekin, orrialde hauetan modernitatearen kontzientziaren ikuspegitik, artea hobeto ulertzen lagunduko diguten hausnarketak jasota daude. Horrekin batera, estetika garaikidearen auzi nabarmenetariko batzuk ere aztertzen dira liburu honetan; besteak beste, ikerketa bisualek planteatzen dituzten erronkak, edota Arthur Danto filosofoak artearen izaeraren gainean egindako hausnarketak.
  • Eta orain, zer?. Gure urte haiek (1931-2009 (Ignazio Arregi, Alberdania, 2010). Ignazio Arregi euskal jesuita da, oñatiarra. Jesuiten hezkuntzako hamabost urte luzeak beteta proposamen berezi bat egin zioten bere nagusiek: gizarte-komunikazio ikasketak egitea, jesuitek mundu horretan sartu beharra zeukatela-eta. Horretarako lehen pausoa zera izan zen: jesuita batzuk zientzia berri horiek ikastera bidali, gero besteen maisu bihur zitezen. Milanera joan zen kazetaritza ikastera eta bide batez, han sartu zitzaion komunikatzeko arteaz gero eta gehiago jakiteko grina. Hiru izan dira, besteak beste, bere grina horri bide emateko lekuak: Loiola Irratia, bere proiektu kutuna, Eusko Irratia (Euskadi Irratia eta Radio Euskadiren hasierako urteak) eta Vaticano Irratia, hogei urteko lana informatibo buru eta programazio saileko arduradun-ordeko. Ibilbide profesional luze oparo horren talaiatik ari da Ignazio Arregi. Idazteko modu neurtu, kritiko eta komunikatibo bat erabiltzen du kazetaritzaz ari dela, erlijioaz ari dela, ibilbide horretan ikusi eta ezagutu dituen pertsona ezagunez ari dela ere. Kontatzeko gauza asko dituen gizona.
  • Etika eta askatasuna (Roman Garate, Mensajero, 1993). Saiakera. Hogeita hamabi ataletan, askatasunaren kontzeptuaren azterketa arpegi-aniztuna eskaintzen digu Roman Garatek, eta leitzen hasi bezain laster, edozein nobeletan nola, etikaren bihurrietan barna lerratzen gara, ikasteko plazer xoilaz. Agertzen zaizkigu askatasunak sor ditzazkeen kontradizio moralak, alabaina, askatasunaren logikak zenbaitetan —ez erraiteko, usu!— zapalkuntza izan baitezake ondoriotzat. Azken mende hauetako erreferentzia nagusiak aurkitzen ditugu —Marx, Marcuse, Kant, Ortega y Gasset…— izpirituaren zihikagarri. Hitzaren neurria eta idorra gatik, ondarrean, ederki ateratzen da, askatasuna justiziaren eta duintasunaren arteko beti zaintzekoa den oreka ahula dela. Liburuaren funtsa, idazle beraren “Etika sarrera” deitu lanaren segida denaz gain, etika da, eta egileak azpimarratzen ditu askatasunaren printzipio edo oinarri moralak. Printzipio moral bakoitzak eragin praktikoak dauzka, eta hortan, eguneroko bizitzari aplikatzen ahal diren zenbait hondoramen. Filosofiazko obra baten balioa, praktikotasunean datza, filosofia bizitza baita.
  • Etikaren harian: hiztegi bat (Arrasateko BHI, 2007).
  • Etikaren harian: hiztegi bat1
  • Etikaren harian: hiztegi bat2
  • Etikaren harian: hiztegi bat3
  • Eulieen ugazaba (William Golding, Elkar, 1990). Narrazioa. Hegazkin istripu bat izan ondoren, gazte talde bat uharte batean bakarturik aurkitzen da. Egileak protagonisten jokaerak azaltzen ditu liburuan.
  • Euskal Herri digitala 1.0 (Askoren Artean, Gaiak, 1999). Euskal Herri Digitala euskal ziberkulturari buruzko pentsamendu-gunea da, ziberreuskaldunen foro irekia, gure etorkizunaz gogoeta kritikoa egiteko ziberrespazioan dagoen elkargunea. Etorkizun informatiko eta globalizatuan euskal kultura bereizi gisa iraunaraztea du helburu. Bertan Euskal Herriak Interneten egun duen lekua, arazoak eta aurrera begira dituen erronkei buruzko gogoetak planteatzen dira. Eta liburu honek foro horretako ziberrintelektualen hamasei artikulu papereratu ditu: «Ziber Euskal Herria: Euskal zibernazioaren sorrera», «Sarea unibertsitatean: zerbitzua ala jostailua», «Euskal ziberrintelektualen eginkizuna», «Internet eta euskal kolektibitateak kanpoaldean» idazlanak dira horietako batzu.
  • Euskal Herriko kondairak (Michel Cosem, Ibaizabal, 1998).
  • Euskal Herriko mitologia. Jentilen aztarnen atzetik (Aritza Bergara, Adarmendi, 2010).
  • Euskal mitologia haurrentzat (Jesus Maria Olaizola "Txiliku", Elkar, 2010). Hiru liburuxkak osatzen dute liburua. Bi protagonista sortu ditu Txilikuk, Nerea eta Julen anaia-arrenak, bata bederatzi urtekoa, bestea zazpikoa. Berauek dira kontakizunen gidariak. Ordenagailua piztu eta itzaltzearekin batera, nahastuko dira errealitatea eta fikzioa ipuin hauetan. Lehenengo liburuxkak 'Arratsalde bat Marirekin' du izenburu. Euskal mitologiako jainkosa eta amandre horrek badaki itxuraz aldatzen. Maju du bere senarra, eta bi seme ere baditu: Mikelats gazteena, eguraldia menderatzen duena, eta Atarrabi, deabruak itzala lapurtu ziona. Indar magiko handia duen beste izaki bat ere bada liburu honetan: Sugoi. Bigarren liburuak -'Kontuz gizakiekin' delakoak- gizakiak, laminak eta jentilak elkarren ondoan bizi ziren garaia kontatzen du. Gizakiek, artean, ez zuten ogi zuria ezagutzen eta Martin Txiki burutsuak jentilei garia lapurtu behar izan zien. Kondaira horiez gain, liburu honek Goñiko zaldunak Aralarko herensugea nola akabatu zuen jaso-tzen du. Hirugarren alean -'Arraioak!'- beldurrezko hainbat istorio daude jasota: adibidez, bi anaia ehiztarik Tartalorekin topo egin zutenean gertatutakoa, edota katu itxura hartzen duten sorginen kondairak.
  • Euskal mitologia konparatua. Jentilen akabera (Joan Inazio Hartsuaga, Gaiak, 2004).
  • Euskal mitologiaz. Jentilak eta kristauak (Anuntxi Arana, Elkar, 2007). Euskal mitologiaren eta kristau dogmen arteko sinkretismoa aztertu du autoreak. Paganismo irekiak eta kristautasun herrikoiak ahalbidetu dituzten gurutzatze anitzak ekarri ditu liburuko orrietara. Esate baterako, Anbotoko Anderea ordezkatu zuen Arantzazuko Ama Birjina.
  • Euskal sinesmen zaharrak (Joseba Aurkerena, Gero, 1999). Autoreak euskal sinesmen zaharrak deitutako saiakera honetan euskal paganismoa osatzen omen zuten ideiak eta sinismenak ezagutarazi nahi dizkigu. Oinarrizko ideia batzuetatik abiatuta (manikeismoa, Ortzi jainko bakarra, lauburuaren sinbologia…), euskaldunek zituzten sinismenen adierazpen zehatza eta osoa egiten digu. Zehatzegia eta osoegia, irakurle eszeptiko batek kontatzen zaiona bere hartan aintzakotzat hartzeko.
  • Euskal sukaldaritzaren antropologia (Edorta Agirre, Gaiak, 2005). Euskal sukaldaritzaren historia eta egungo egoera.
  • Euskal urtea ohituraz betea (Juan Manuel Etxeberria, Ibaizabal, 2003). Liburu multidisziplinar honek, euskaldunak Amalurreko historia luzean bizitako hainbat eta hainbat ohitura, jai, ospakizun, gertaera, mito, ipuin, esaunda, pasadizu, abesti, esaera, topiko, eta abar luze bat eskeintzen digu, urteroko egutegia bizi ahala, euskaldunok nor eta zer izan diren gogoratuz.
  • Euskaldunak eta ondasunak (Patxi Juaristi, Pamiela, 2001). Bide berri bat jorratu du Patxi Juaristi Larrinagak euskaldunen ondasunekiko harremanak eta hauek gidatu dituen fisolofia aztertzeko orduan, Pamiela argitaletxean argitaratutako lan honetan. Desadostasun handiak nabarmentzen ziren gai hori aurretik ikertzen aritutako autoreen artean, eta horretaz oharturik, hizkuntzan oinarritutako ikerketa burutu du soziologo bizkaitarrak «Euskaldunak eta ondasunak» saioan. Beraz, euskaldunek baliotsuak eta urriak izan diren gauzekiko harremanak antolatzeko izan dituzten ohitura, araudi eta ikuspuntuen inguruan Patxi Juaristi Larrinagak aurkezten dituen ondorioak euskal esaera zaharren azterketan oinarritzen dira, hizkuntzaren bihotzean bizi eta herriak erabiltzen dituen adierazpideak izanik, iraganeko bizimodu, xede eta pentsamoldeak aztertzeko material ezinhobea direlaren ustean.
  • Euskararen doluminak (Luis Haranburu Altuna, Elea, 2006). Saiakera. Euskararen inguruan ardazten du autoreak saiakera laburra. Euskarari buruzko kezkak, euskararen etorkizuna, euskararen politika...
  • Euskararen egoerari irizten (Juan Inazio Hartsuaga, Hiria, 2009). Saiakera. Euskarari buruzko gogoeta librea.
  • Ez dago etxean (Jokin Urain, 2010). Narrazioa. Idazle presoen eta preso idazleen lanei buruzko entziklopedia txikia da. Susak saiakera sailean argitara eman du eta Espainiako La Moraleja espetxetik idatzia da, Urain bera ere kartzelan dagoelako. Euskal presoen ihesaldi ongi burutuak, zapuztuak eta amestuak aurkituko ditu irakurleak liburuan. Baina, liburua kartzelaldiko kronikaz osatua bada ere, idazleak munduari erreparatzen dio, eta gizartearen erradiografia eskaintzen du. Barrote artetik egindako askatasun ariketa.
  • Ez dago gure geneetan. Biologia, ideologia eta giza izaera (Askoren Artean, Gaiak, 2006). Liburu honek zientziak, eta bereziki genetikak eta biologiak, barneratzen dituzten gizarte-eraginak aztertzen ditu eta ezkutuan duten ideologia agerian uzten du. Egon daitezkeen iruzurrak azalarazten ditu.
  • Ezer gabe hobe (Itxaro Borda, Susa, 2009). Narrazioa. Lan honetan mugak, fronterak eta hesien gaineko hausnarketa literarioa dakart idazleak. Zedarriturik dago mundu osoa, lurrak ez ezik itsasoak ere bai. Hogeigarren mendeko gerra sutsu eta hotz guztien ondoren, oztopoa besterik ez dago denean, eta zaindaritza zorrotza gainera. Hesiak, murruak, trabak, mugak, fronterak inoiz baino gotorragoak bihurtu dira, Europakoak (adibidez) desagertu zirela esan ohi diguten arren. Itxaro Bordaren nobela honetako protagonista europarra da, izentzat Sigma eman zaion baionarra. Bi frontera igaro beharko ditu klandestinoki: lehendabizikoa Londreserako bidean, afrikar bati laguntzen; bigarrena Kaliforniara bidean, Mexikoko adiskide batzuekin iparralderantz doala. Bizi dugun garai ekonomiko bortitz, lapur eta zanpatzailearen lekukoa da eleberri sozial eta politiko hau: salaketa eta aldarrikapena aldi berean.
  • Ez ezkondu aita¡ (Fina Casalderrey, Elkar, 2009). Elia ospitalean dago, apendizitis ebakuntza egin eta gero, baina hori ez da okerrena: okerrena da bere aitak orain andregai bat daukala, Berta, eta Eliak ezin duela jasan. Duela hiru urte hildako amaren oroitzapena datorkio, eta geroztik etxean izan duten bizimodua, bere gorabehera eta gazi-gozoekin. Baina bizitzak aurrera egingo du.
  • Ez gara berdinak, baina berdin da (Seve Calleja, Desclée, 2002). Zortzi urtetik aurrera dituzten neska-mutikoei zuzendua dago Seve Callejak idatzi eta Lurdes Auzmendik euskaratutako «Ez gara berdinak, baina berdin da» kontakizuna. Liburuan agertzen diren marrazki adierazgarriak, berriz, Aranzazu Callejak eginak izan dira. Ana neskatila dugu narrazio honen kontalaria. Anak, izan ere, ikasturte berriaren hasieran ezuste bat izan du, ikaskide berri batzurekin elkartu baitu irakasleak. Ikaskide horiek, Ghanako Aseye, Hungariako Lian, Brasilgo Noemí, Txinako Guang eta Marokoko Khaled dira. Anak oso gustuko izan ditu eta baita haiek egiten dakizkiten gauza bitxiak ere, baina bere nebari hori guztia azaltzen saiatu denean, eskola honek UNICEF dirudiela erantzun dio hark, eta Ana haserretu egin da.
  • Eztia eta ozpina (Patxi Zubizarreta, Alberdania, 1995). Narrazioa. Marokon, 1990eko hamarkadan gaude. Selim gazte marokiar bat da, eta Parisera joatea da bere ametsa. Bidaia horretan eztia eta ozpina ezagutzen ditu.
  • Fahrenheit 451 (Ray Bradbury, Txalaparta, 2010). Narrazioa. Liburu honetako protagonista, Guy Montag, suhiltzailea da. 451 zenbakidun kaskoa buruan, letoizko mangera-muturra ukabiletan, liburuak erretzea da bere lana, bere behar kuttuna. Izan ere, Montag bizi den herrialdean debekatuta dago irakurtzea. Irakurtzeak pentsatzea dakarrelako eta pentsatzeak zoriontasun eza. Eta zoriontsua izatea derrigorrezkoa da. Dena aldatuko da, ostera, familia antisozial bateko kide den Clarisse gaztea ezagutzen duenean. Harreman berriak inarrosirik, erreketa batean liburu bat ezkutatu eta irakurtzeari ekingo dio suhiltzaileak, bera ere antisozial bihurtuz. Macartismo garaian idatzia eta orduan sortu berria zen Playboy aldizkarian atalka argitaratua, XX. mendeko distopiarik ezagunetako bat da Fahrenheit 451, alienatzen doan gizartea esnatzeko aldarri sutsua.
  • Filosofiako gida. Filosofian aritzeko oinarriak: gida bibliografikoa eta metodologikoa (Askoren Artean, UEU, 2004).
  • Gainontzeko kezkak (Juan Inazio Hartsuaga, Hiria, 2009). Liburuxka honetan egileak, antropologian oinarrituriko hainbat kezka eta galdera plazaratzen dizkigu: Baina ez iraganaldiari buruzkoak, orainari eta batik bat etorkizunari buruzkoak baizik. Bere espezialitatea duen mitologiaren azterketatik abiatuta, gaurko munduari buruzko hainbat gogoeta proposamen egin eta etorkizunaren nondik norakoak asmatzen saiatzeko espekulazio sorta bitxi eta harrigarria eskaintzen digu, ekonomiaz, heriotzaz, eugenesiaz eta hainbat eta hainbat gaiez, irakurlearen zirrara eragingo duten burutazio zentzun eta orijinalak plazaratuz. Zirrara eta gogoetarako pizgarria, galderez beteriko lana baita erantzunez beterikoa baino.
  • Gaitza eta heriotza Euskal Herriko iraganean (Francisco Etxeberria, Gero, 1995).
  • Galdu arte (Juan Luis Zabala, Susa, 1996). Narrazioa. 80. hamarkadan girotua, gaztetxeak...
  • Gandhi baketsua (Gorka Calzada, Txertoa, 2008). Biografia.
  • Garapen iraunkorra. Garatzeko bizi ala bizitzeko garatu (Itziar Eizagirre-Amaia Lizarralde, Alberdania, 2005).
  • Gaueko gezurrak (Gesualdo Bufalino, Alberdania-Elkar, 2007). Narrazioa. Traizioa, askatasuna, kausareriko fideltasuna... Erregearen kontra matxinatzeagatik espetxean dauden lau presori bertako gobernariak tratu bat proposatuko die: lauretatik batek, besteek ez jakiteko moduan beren buruzagiaren izena salatzen badu, salbu izango dira laurak.
  • Gay nauzu (Iñigo Lamarka, Alberdania, 1999). Testigantza. Homosexualitatea.
  • Gazteak eta sexualitatea (Gaiak, Egile editore, 1992).
  • Gene berekoia (Richard Dawkins, Klasikoak, 2010). Darwinen teoriak aztertuz, egilearen helburua berekoikeriaren eta altruismoaren biologia aztertzea da.
  • Generoa aztergai psikologian (Askoren Artean, UEU, 2009). Generoaren inguruko ekarpen berriak bildu dituzte hemen. Urte askotan zehar Psikologian egin diren teoriek eta bestelako planteamenduek populazio jakin baten soslaia izan dute. Sexu-arazoak direla, bikote-asetasuna dela, edota agresibitatea dela (adibide bakan batzuk aipatzegatik), gertakariok azaltzeko erabili diren aurrebaldintzak edo ikuspegiak ez dira guztiz neutroak izan, gehienetan gizonezkoengandik, gizonezkoei begira edota gizonezkoen parametroak erabiliz aztertu direlako. Egun bada, ordea, beste betaurreko batzuk erabiltzeko unea, gertakariok izan ditzaketen genero-elementuez jabetzeko. Zientziak (izan) dituen soslaiak gainditzeko bidean, onartu behar da gero eta gehiago garela genero-ikuspegia aplikatzen dugun ikertzaileok. Hala eta guztiz ere, zoritxarrez eremu desberdinetan aritzen garen zientzialarien bideak ez dira gurutzatzen, eta ez dugu izaten denontzat interesgarriak izan daitezkeen ikerketen berri. Psikologiaren baitan generoak izan dezakeen eragina aztertzeko, eta egindako ikerketa berri hauek gizarteratzeko asmoz, liburu honetan Psikologiako eremu ezberdinetako profesionalen lana bildu da.
  • Genetika, etika eta ideologia (Gaiak, Egile editore, 1995). Genetikaren historia eta "Genoma proiektuak" sortzen dituen arazo etiko, politiko, sozial eta erlijiosoak aztertzen ditu liburu honek.
  • Gerrako pilotu (Antoine Saint-Exupéry, Alberdania-Elkar, 2003). Narrazioa. II. Mundu Gerran girotua, Frantziako Batailan, 1940ean. Alemaniar armada Frantzian sartzen ari zenean, 1939ko maiatzaren 22an, egoera aztertzera bidali zuteneko misioaren gorabeherak eta 1914ko Gerra Handia, 36ko Gerra eta Bigarren Mundu Gerra ezagutzeak Saint-Exupériry eragindako gogoetak kontatzen dira.
  • Gerrako pilotu (Antoine Saint-Exupéry, Alberdania-Elkar, 2003).
  • Gipuzkoa, Marilur (Joxe Ramon Zubimendi, Elkar, 2009).
  • Giza Faktorea (Graham Greene, Ibaizabal, 1997). Narrazioa. Maitasuna ala aberria, Gerra Hotza, espioitza...
  • Gizajendearen ahitzea (Pablo Sastre, Elkar, 2010). Saiakera. Egungo gizartea sentimenduei begiratuz aztertu du autoreak.
  • Gizajo baten egunkaria (Jeff Kinney, Alberdania, 2010). Narrazioa. “Ospetsua izango naiz egunen batean; baina, oraingoz, hemen nabil, institutuan, ergel nazkagarri pila batek inguratuta”. Nerabea izatea gauza gogaikarria izan daiteke, benetan. Eta inork baino hobeto daki hori Greg Heffleyk: institutuan hasi berria da, eta mutil txakil hazi gabeak beraiek baino mutil handiago, maltzurrago eta bizarra egiten hasiekin nahasian dabiltza korridoreetan. Gizajo baten egunkarian, Jeff Kinney idazle eta marrazkigileak bere antiheroia aurkezten digu. Gregek bere egunerokoan dioen moduan: “Ez dezala inork pentsa ‘Egunkari maitea, hau’ eta ‘Egunkari maitea, beste hura’ ibiliko naizenik”. Eskerrak Greg Heffleyk esaten duena eta egiten duena oso bestelako gauzak diren!
  • Gizakia bere arimaren bila I eta II (Carl G. Jung, Gaiak, 1994). Psikoanalisiaren izaera soziala.
  • Gizakia, ekologia eta gizartea. Ekologiaren soziologia (Askoren Artean, Gaiak, 2002). Liburu honetan, ekologiaren gizarte-aldea aztertzen da, hain zuzen ere, testu ekologikoetan maiz agertzen ez diren kontzeptu berriak. Ukitzen diren gaien artean, hauexek azpimarra genitzake: globalizazio ekonomikoa eta ingurumena, hazkundea, hirigintza, hondakinak, ingurumena hondatzea eta aberastasuna (pobrezia), jasangarritasuna, kapitalismo naturala, klima aldaketa, kontabilitate ekologikoa, krisialdi globala, Laugarren mundua, lurralde-antolamendua, mundu-sistema, sozioekologia, azpigarapena, bidezko merkataritza, biodibertsitatea, bioteknologia, birziklapena, ekologismo sakona...
  • Gizarte-ezagutzaren garapena nerabezarora arte (Askoren Artean, UEU, 2007). Jaio bezain laster, gizarte-sistema konplexuan murgiltzen gara, eta biziraun nahi badugu, ezinbestekoa zaigu horren inguruko ezaguera garatzea; horretarako, besteak beste, beharrezkoa dugu pertsonen eta haien arteko harremanen inguruko jakinduria: aberria, politika eta ekonomiaren funtzionamendua ezagutzea; jaiotza eta heriotza ulertzea; baita bakea, gerra eta beste hainbat kontzeptu sozialen esanahia gogoan izatea ere.
  • Gizarte osasuntsua. Gizarte garaikidearen psikoanalisia (Erich Fromm, Gaiak, 2009). Saiakera. Gizakia eta gizartea aztertzen ditu autoreak. Biak gaixo daudela ondorioztatzen du eta horren aurka hainbat konponbide proposatzen ditu.
  • Gizonaren neurketa okerra (Stepehen Jay Gould, Klasikoak, 2009). Jendea sailkatzen eta ustez genetikoki dituzten dohainen eta mugen arabera mailakatzen dituztenei emandako erantzun kartsua.
  • Gizon-emakume hauek (Migel Anjel Unanua, Hiria, 2002). Saiakera. Autoreak feminismoaren arrazoiak eta desarrazoiak aztertzen eta salatzen ditu.
  • Gordos (Daniel Sanchez, 2009). Filma. Zuzendariaren hitzetan obesitate terapia batera doazen zenbait pertsonez dihardu filmak. Euren helburua ez da kiloak galtzea, duten gorputzarekin gustura ez egotearen arrazoiak aurkitzea baizik. Euren gorputza gogoko ez izate horrek eragina izango du bizitzako zenbait esparrutan: familian, maitasunean, sexuan,...Loditasunaren gaia ardatz hartuta gizakiaren kontraesanak jorratzen dira. Izan ere, gizakiak zenbaitetan bere desioen kontra doazen jarrerak hartzen ditu. Horrez gain, aditzera ematen da beharrezkoa dela kalera irtetea eta egunerokotasunari aurre egitea.
  • Gorilak giltzapean (Dian Fossey, Erein, 2010). Liburu hau osatzen duten bi testuak Dian Fosseyren Gorilak lainopean obra handiaren zati txiki bat besterik ez dira. Obra hura 1983an argitaratu zuen Dian Fosseyk, landako azterketaren urteetan egin zituen behaketen eta gorilekin izan zituen harremanen berri emanez. Gorilen istorio asko kontatzen dira bertan, eta Coco eta Pucker eta Bonne Annérenak dira inondik ere politenak eta hunkigarrienak. Hunkigarriak eta guztiz jakingarriak, izadi-zientzien, etologiaren, ekologiaren argitan; baita etikaren argitan ere.
  • Gose jokoak (Suzanne Collins, 2009). Narrazioa. Etorkizun hurbil batean girotutako istorioa da. Hondamendi handi bat gertatu da eta herritxo bat atera da garaile. Han Kapitolioak agintzen du eta, urtero, 24 gazte behartzen dituzte Gose Jokoetan lehiatzera. Eta gainontzeko hiritarrak behartuta daude, baita ere, lehia hori telebista bidez ikustera. Joko horietan bat bakarra izan daiteke irabazle; besteak, berriz, hiltzera kondenatuta daude. Protagonista neska jator bat da. Protagonistak, Katnisse izeneko neskak, bere jarrerarekin erakutsiko du, egoera muturrekoenetan ere, leku egin behar zaiola maitasunari eta errespetuari, eta tiranoei kontra egin behar zaiela, norbere printzipioei eutsiz.
  • Guía ética de las marcas: quién hace la ropa, con quién y para quién (Askoren Artean, Editorial Popular, 2007).
  • Gure barrioa, 1975 (Xabier Mendiguren, Elkar, 1998). Narrazioa. Haurtzaroko kontuak.
  • Gure gerretako heroiak (Rafa Ugalde, Elkar, 2006). Narrazioa. Gurean zein munduko lurraldeetako beste edozein bazterretan gertatutako gerrak dauzkate oinarri liburu honetako hamar kontakizunek. Komunikabideek nabarmendutako errealitateak eusten die guztiei. Besteak beste, hauexek dira gaiak: Irakeko gerraren ondorioz besoak eta hankak galdu zituen mutikoaren aitorpenak; diktadura batean semea bahitu dioten aitak hura berreskuratu nahian ematen dituen urratsak; Vietnamgo gerran dabilen soldadu amerikar batek lepotik zintzilik daramatzan «arerioen» belarrien arteko elkarrizketa; lehergailuen eztandaren ondorioz «paradisura» joandako umeek elkarrekin erabakitzen duten jarrera; zurien kontrako erasorako prestatzen ari den Amerikako jatorrizko biztanlearen hausnarketa; espetxean urteak daramatzan euskal presoak hiztegiarekin egiten dituen ariketak; eguzkiak urregorriz tindatzen duen lurraldearen askatasuna eskuratu nahiz, bere buruaz beste egiten duen neskatxari lagun min batek eskaintzen dion oroimena; 36ko gerraren ondoren presoentzako hilkutxak garraiatzen dituzten haurren norabidea; eta kontzentrazio zelai batera daramaten amaren biziminak.
  • H. Dosierra (Ismael Kadare, Ibaizabal, 1998). Narrazioa. Idazleak bere herriko kondaira eta alegien berri eman ohi du bere eleberrietan. Honako honek, AEBetan bizi diren bi irlandar gazte ditu protagonista, eta Homero zer edo zein zen ikertzeko Albaniara joanak direnak eta bertan hainbat gorabehera biziko dituzte.
  • Haserretu zaitezte (Stephane Hessel, Denon Artean- Cenlit, 2011). Marka guztiak hausten ari da Stephane Hessel (Berlin, 1917) idazle eta diplomatiko oiha. Arrazoia, berrogei orri eskas dituen "Haserretu zaitezte!" (Indignez-vous!) idazlana da; hain zuzen ere, gazteak matxinatzera deitzen dituen testua. Hasieran frantsesez argitaratu bazen ere, hainbat hizkuntzatara itzulia izan da dagoeneko: italierara, gaztelerara edota alemanierara. Hessel Estatu frantseseko erresistentziako kide izan zen eta naziek atxilotu, torturatu eta Buchenwaldeko zigor-esparrura eraman zuten. Handik bitan egin zuen ihes. Nazio Batuen Erakundeko funtzionarioa zela, 1948. urtean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hamabi idazleetako bat izan zen. Joan den abenduan, munduaren egoera kaskarra ikusita, "Haserretu zaiztezte!" (Indignez-vous!) idatzi eta kaleratu zuen. Haserretzeko arrazoi ugari badirela dio Hesselek eta honako deia egiten die gazteei: "Guk, Frantzia librearen alde borrokatu ziren indarretako eta erresistentzia mugimenduetako beteranook, belaunaldi gazteei egiten diegu deia, Erresistentziaren herentzia eta helburuak biziberritu eta heda ditzaten. Hau esaten diegu: hartu lekukoa, haserretu zaitezte!".
    Idazlearen aburuz, erresistentziaren funtsezko arrazoia haserrea izan zen. Iragandako garaiak gogorrak izan zirela bai, baina gaur egungoak ere samurrak ez direla argudiatzen du. Txirotasuna edota Lurraren egoera jartzen ditu adibidetzat.
  • Haur besoetakoa (Jon Mirande, Erein, 2007). Narrazioa. Gizon adindun batek 11 urteko ilobarekin dituen sexu harremanen berri ematen du nobelak. Jon Mirandek duela 48 urte idatzi zuen nobela hau, baina ezin izan zuen 1970 arte argitaratu. Euskal Herriko gizartean nagusi zen giro moralak eragotzi zuen argitalpena.
  • Haurrei emandako tratu txarrak: atzematea, jatorria eta ondorioak (Alexander Muela, UEU, 2007). Haurrei tratu txar asko eta era askotakoak eman zaizkie historian zehar: fisikoak, emozionalak, arduragabekeriaz jokatzearen ondoriozkoak, baita sexu-esplotazio eta laneko esplotazioaren bidez eragindakoak ere. Gaur egun, gure gizarteak haurrei emandako tratu txarrak ekiditeko lana egin duen arren, tamalez, oraindik ere, haurren aurkako tratu txarrak uste baino zabalduago daude. Liburu honek haurren babeserako profesionalen (gizarte-langile, psikologo, hezitzaile, osasun-zerbitzuetako langileen) sostengu izan nahi du. Eta horrekin batera, giza politika hobetu eta haurren kontrako tratu txarrak aurreikusteko programa eraginkorragoak bultzatu, bai haurrei emandako tratu txarrak azkarrago atzemateko sistemekin, bai tratu txarrak jasan dituzten biktimak osatzeko tratamendu hobeekin baita koordinazio interprofesional eta intrapro-fesionalaren engranajeak hobetuz ere
  • Hego Amerikako herriak (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2008).
  • Hemen (Askoren Artean, 27. zk, 2010). Gizakiaren izateari buruz ‘Hemen’ aldizkaria. Hemen erlijio gogoetarako aldizkaria da eta hiru hilabetero ikusten du argia, gai nagusi baten inguruan sakontasunez hausnartzera gonbidatuz. Azkeneko zenbakiari Gizakia nondik eta nora jarri diote titulu. Joxemari Ar­zalluz aldizkariko zuzendariak sarreran dioenez, burua pentsatzeko duen bizidun orori inoiz otu zaizkion galderak jarri dituzte mahai gainean: Zer da gizakia? Nor naiz ni? Nork sortua ote da gizakia? Itaun horien in­guruan dantzan jarri dira Jesus Altuna, Je­xus Mari Txurruka, Joxe Arregi, Xabier Pi­kaza eta Xipri Arbelbide.
  • Herioa eta dontzeila (Ariel Dorfman, Txalaparta, 2010). Antzerkia. Torturari buruzko gogoeta zorrotza. Herioa eta dontzeila torturaz diharduen antzezlana itzuli zuen Rodriguezek euskarara duela urte batzuk, eta Txalapartak argitaratu egin du orain. Argitaletxe horrek argitaratu duten lehen antzezlana da. «Bere ahotsa entzun nuenean, bera bortxatzea pentsatu nuen, zer sentitzen den jakin dezan». Schubert konpositorearen Herioa eta dontzeila obra entzutean, diktadura garaian pairatutako torturak datozkio gogora Paulinari. Mendeku gose aseezina du, eta hura asetzeko bidearekin egingo du topo bat-batean. Izan ere, Gerardo senarra ezezagun batekin helduko da egun batean etxera, Roberto Miranda sendagilearekin. Hura hitz egiten hasi eta, berehala, iraganean bizi izandakoak etorriko zaizkio gogora emakumeari, etxean sartu den hura bera torturatu zuteneko bat dela ohartzen denean.
  • Heriotza mendebaldean eta Euskal Herrian (Murgil Taldea, Gaiak, 1997). Liburu honek heriotzak historian zehar ezagutu duen eboluzioa aztertzen du.
  • Herri-zaporea. Bolivia. Ñunu zizarea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Ale honetan Boliviako historia, zapore eta ohiturak ezagutzeko ezinbesteko aukera aurkituko dugu eta hango ipuin ezagun bat irakurriko dugu.
  • Herri-zaporea. Ekuador. Eta bidean... itzala (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Ale honetan Ekuardor aztertzen da: kondairak, ipuinak, kultura, gastronomia, bizimodua...
  • Herri-zaporea. Errumania. Periko txoriburu (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Liburu honetan egileek Errumaniako herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi du.
  • Herri-zaporea. Senegal. Hienen ipuinak (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Ale honetan Senegaleko herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu.
  • Hezkuntza, gizartea eta eraldaketa kooperatiboa (Joseba Azkarraga, Gizabidea Fundazioa-MU, 2010).
  • Hiesa: prebentzioa, sexualitatea eta drogak (Gaiak, Egile editore, 1995). Gaitz modernoa eta beldurgarria da HIESa, eta liburu honetan gaitz horri buruzko informazioa ematen da. Historia egiten da, nola sortu zen, egungo egoera, gaitza izanez gero nola bizi gaitzarekin, prebentzio-moduak zein diren, drogarekin duen zerikusia, harreman heterosexualekin duena, eta abar.
  • Hilezkorrak (Aitor Arana, Ikasmina-SM, 2007). Narrazioa. Liburuak XXV. mendera darama irakurlea, gizakiak hilezkortasuna eskuratu duen garaira. Oihanean bizi diren indio bakar batzuk soilik dute hilkortasun-genea. Herritar multzo bat, betiko bizitzeaz gogaituta, indio horien bila abiatuko da, hiltzeko eskubidearen alde borrokatzeko asmoz.
  • Hilketa euskal herri kulturan: hilketa Azkue eta Barandiaranen ahozko ipuin eta ele zaharretan (Aitxus Iñarra, Iralka, 1995).
  • Hiltzear dauden kulturak (Gaiak, Egile editore, 1996). Egoera larrian bizi da hainbat eta hainbat kultura munduan: Japoniako Hokkaido irlako ainuak, Amazoniako Urueu-Wau-Wau indiarrak, Saharako tuaregak, Australiako aborigenak, Pakistango Kalashak, Andeetako ketxuak, Hegoafrikako zuluak, eta abar luze bat. Kultura horien deskripzioa egiten dute liburuan. Deskripzioa bakarrik ez: eztabaidatzeko zenbait galdera ere egiten dituzte liburuxkan: norena da lurra?, garapena bai ala ez?, ebanjelizatzeko premiarik ba al dute?, edo beren gisa utzi behar dira indigenak?.
  • Hiri baten tripa zorriak (Jagoba Miranda, Ediciones Beta, 2007). Narrazioa. Heldutasunera bidean dauden gazteak dira nobelako protagonistak.
  • Historiaz mintzo. Foucault eta Bensaïd (Michel Foucault eta Dasniel Bensaïd, 2009). Michel Foucaulten Nietzsche, genealogia eta historia eta Daniel Bensaïden Historiaren amaiera iragarriari buruzko tesiak (azken zelatari akituak beste guztiak iratzartzen ditu) testuak biltzen ditu liburuak, euskaratuta. Xabier Apaolazak sarrera bana idatzi die.
  • Hitz ezkutuak. Ziurtasunaren liburua - Kitáb-i-Íqán ( Bahá´u´lláh, Ibaizabal, 2009). Erlijioaren historia-bilduma. Bahá´u´lláhren idazkietatik behinenetariko bi idazlan ditugu liburuki honetan, "Hitz Ezkutuak" (1858) eta "Ziurtasunaren Liburua" (1862). "Hitz Ezkutuak", esaera moralen bilduma gisa idatzia, Bahá´u´lláhren mezuaren bihotz etikoa dugu. "Ziurtasunaren Liburua"n, aldiz, Bahá´í fedearen oinarri doktrinala azaltzen da; erlijioaren funtsaren eta xedearen adierazpen zabala da. Koranetik nahiz Itun Zahar eta Berritik zorroztasun berdinez ateratako aipuen bitartez eginbide bakar eta jarrai baten eragiletzat aurkezten dira Jainkoaren Mezulariak: giza askazia bere gogozko eta moralezko ahaltasunez ohartzeko eginbidea. "Mirabe honek orain hitz santu hauetan gordetzen diren egien hondorik gabeko ozeanoaren tanta bat partekatu nahi du zurekin, bihotz zuhurrek uler ditzaten, beharbada, Santutasun Agerpenen hitzen ondorio eta aipamenak (...)".
  • Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan (Beatriz Fernandez eta Jon Ortiz de Urbina, UEU, 2007). Liburu honetan, egileek ‘munduko hizkuntzen inguruko ibilbidea proposatzen dabe. ‘Munduari itzulia 80 egunetan" Verneren liburuaren aitamen eta pasadizoez zipriztinduta dago, eta munduko 110 hizkuntza baino gehiagoren adibideak jaso dira, Kaukasotik hasi eta Australiara, hizkuntza handiak batzuk, ingelesa edota txinera bezela, hizkuntza txikiak besteak, Amazoniako hixkarianera edo Mexikoko zokera tartean.
  • Homo faber (Max Frisch, Elkar, 2001). Narrazioa. XX. mendeko gizakiari buruzko alegoria: komunikatzeko ezintasuna, oinazea gainditzeko nahia, aurrerapenaren ideia eta krisialdia...
  • Hortxe-hortxe, urrun (Juan Luis Mugertza, Ibaizabal, 2009). Narrazioa. Marokora joan dira aurten Kepa eta Rosa, bi alabekin. Hortxe-hortxe, baina hain urrun dagoen lurraldea hobeki ezagutzeko aukera izango du familiak. Urruneko errealitatea hurbildu nahi izan digu idazleak, familia baten oporren kontakizunaz baliatuz.
  • Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako (Joseba Sarrionaindia, HIK HASI, 2010)..Hausnarketa sustatzeko 133 ipuin. Idatzitako liburuan aurkezten diren ipuinak, nola ez, gozatzeko dira. Imajinazio handia agertzen dute, eta, fantasiaren munduan bidaiatzera eta protagonistaren tokian jartzera gonbidatzen gaituzte. Idazleak erabiltzen duen hizkuntza poetikoarengatik, ipuin bakoitzean sentiarazten dituen irudi desberdinengatik eta agertzen diren metaforengatik, taldean irakurriz gero, hainbat interpretazio egiteko aukera eskaintzen ditu. Umorea erabiliz, errealitatea eta absurdoa nahasten ditu autoreak. Ipuin bakoitzean, ezusteak sortzen duen inpaktuak, pentsarazten, eztabaidari bidea ematen eta ondorioak ateratzen lagun dezake. Ipuin bakoitzak hainbat ikuspegitik begiratzeko aukera eskaintzen duenez, norberak interpretatzea, iritzia aurkeztea, besteak entzutea, arrazoitzea, ideiak defendatzea, adostea… ahalbidetu dezake. Horrekin guztiarekin, pentsamenduaren autonomia eta ikuspegi kritikoa lantzen lagun daitekeela irizten dugu. Ipuinen lanketak hainbat konpetentzia orokor eta espezifiko lantzeko balio baditu ere, Elkarrekin bizitzen ikasi, Komunikatzen ikasi, eta, batez ere, Izaten ikasi garatzen laguntzeko bereziki baliagarriak direla da gure ustea. Ipuinak adin jakin bati zuzenduta ez badaude ere, iradokizun gisa, adinka sailkatutako proposamena egiten ausartu gara, inori baliagarri suerta dakiokeelakoan. Marrazkiak Lierni Altube oñatiarrak egin ditu.
  • Ilustrazioaren kriseilupean. Argi berri bila Frankfurten (Jon Sudupe, Alberdania, 1994). Saiakera. Neokontserbadurismoaren gorakada eta hainbat fundamentalismoren indarberritzea dira mende akabera honen ezaugarrietako batzuk. Bestalde, pentsaera posmodernoak uko egin bide die arrazoimenari nahiz aurrerapenari. Modernitatea salatu, auzitan jarri edota osoki arbuiatzen dute mutur-puntetako joera hauek. Egia ote da arrazoiaren amets ilustratua porrot burrunbatsua izan dela? Frankfurteko Eskolaren gurasoek ere -Horkheimer eta Adornok, alegia- kritikatu egin zuten Argien ekarpena, Ilustrazioaren dialektika agerian jarriz: argi eta ilunaz egina dago Ilustrazioa. Modernitatearen aurpegi argi-itzaltsu hori, hain berezkoa zaion “dialektika” berezi hori, aitortu arren, egin zaizkion kritika askoren bidezkotasuna onartu arren, Ilustrazioaren asmo eta helburuak oraindik zutik dirautelakoan daude Habermas eta azken frankfurtiarrak. Ilustrazioaren huts eta desbideraketa guztiak osoki arbuiaturik ere, haren behin betiko lorpen eta balore orokorrei eutsi egin beharko genieke guk ere.
  • Intelijenteentzat (Bakearen Ereile, Egile-Editore, 2007). Pertsona du aztergai egilearen ageriko izenik gabe kaleratutako liburu honek. Pertsona hiru errealitateri erantzunez aztertzen du liburuak: norbera, ingurunea eta Jaungoikoa. «Liburu hau irteera bat da nor bere buruaren barrenera zuzendua, ikusteko eta jakiteko zer dagoen bertan», kontrazaleko testuak dioenez.
  • Intimitatea (Hanif Kureishi, Txalaparta, 2008). Narrazioa. Zergatik uzten diogu maitatzeari? Zein da maleta prestatu, atetik atera eta sekula ez itzultzeko unea? Liburu honetako protagonista trantze horretan dago. Bikotea eta bi semeak utzi eta etxetik alde egin aurreko gauean bere bizitza ustez arrakastatsuak sortzen dion asegabetasunaren arrazoiak aletzen joango da. Gogoan aurrera eta atzera ibiliko ditu era ezin gordinagoan harreman barruko miseria txikiak, amore emateak, ohiturak, desilusioak... bikotearen intimitate biluzia.
  • Iparraldeko basamortuak (Rodríguez-Fernández, Sauré, 2007). Komikia. Ume baten abenturak oinarritzat hartuz, kontakizunak inmigrazioaren arazoa jorratzen du haur baten ikuspegitik. Istorioa Australian gertatzen da.
  • Iqbalen historia (Francesco D´Amo, Aizkorri, 2003).Narrazioa. Haurren lan esplotazioa gai. Iqbalen historia 13 urte zituenean alfonbragileen mafiak hil zuen mutiko pakistandar baten benetako zorigaiztoan oinarritutako salaketa nobela da. Iqbal Masih-i gertatutakoa beste haur askori gertatzen zaio Pakistanen eta munduko beste herrialde pobreetan: Iqbal familia txiro batean sortu eta bere familiak saldu egin zuen 16$eko mailegua ordaindu ahal izateko. Handik aurrera alfonbra lantegi batean egin behar izan zuen lan, egunero hamabi orduz, rupia bakar bateko soldataren truke, bere familiaren zorra kitatu arte. Esklabotza egoera horretatik ihes egitea lortu zuen, halere, eta Ume Langileen Askatasunerako Frontean parte hartuz, bera bezala esklabo ziren zenbait ume askatzen lagundu zuen. Baina mafiak ez zion barkatu.
  • Islam-a: zibilizazio ezezagun baten gorabeherak (Gaiak, Gaiak, 1991). Islamaren sorrera, ibilbide historikoa eta gaur egungo egoera.
  • Islama eta mendebaldea (Askoren Artean, JAKIN, 129, 2002ko martxoa-apirila). Aurrez aurre dirudite Islama eta Mendebaldea, batez ere 2001eko irailaren 11n AEBetan gertu zenaz geroztik. Baina, hala ote da? Bi mundu horien arteko elkarrizketa ez ote da posible eta zergatik? Horixe du «Jakin» aldizkariaren azken zenbakiak hizpide. Luis Sols Historia katedradunak eginiko Islamaren munduko aurkezpen historiko, kultural eta politiko orokorretik abiaturik, Islamaren eta Mendebalaren arteko erlazio gatazkatsuaren inguruko auzi nagusiei buruzko iritziak eskatu dizkie «Jakin»ek Mikel Aramendi, Gabirel Ezkurdia, Jose Mari Pastor, Juanjo Sanchez Arreseigor eta Jesus Torquemada adituei.
  • Islama gure artean (Askoren Artean-HEMEN aldizkaria, 19. zk., 2008).
  • Islamiar nortasuna eta esparru publikoa Euskal Herrian (Askoren Artean, GFA, 2007). Euskal Herrian bizi diren hainbat musulmani egindako elkarrizketak daude liburuaren oinarrian. Autoreek giza eskubideen interpretazioa era kritikoan berrikustea proposatzen dute, batez ere erlijio islamikoa duten pertsonei eskubide horiek bermatzeko.
  • Itsaslabarreko etxea (Miren Agur Meabe, Aizkorri, 2001). Narrazioa. Nerabezaroko zalantzak, beldurrak eta nia edo norbere izatea aurkitzea eta onartzea ditu mami.
  • Izenda ezinaz (Tere Irastorza, Pamiela, 2008). Gai sakonak lantzen ditu. Jainkoa, beldurra, heriotza, heriotzaren beldurra, minaren beldurra, amodioa, gorrotoa, behartutako amodioa...
  • J.L. Alvarez Enparantza (Txillardegi). Existentzialismoa eta Jainkoa: itzalak baino argiak nabarmenagoak (Sebastian Garcia Trujillo, Desclée de Brouwer, 2007). Hainbat euskal idazlek Jainkoarekin eta erlijioarekin duten harremana aztertzen ari da Garcia Trujillo, eta liburu honetan Txillardegiren kasua aztertu du. Bere burua agnostikotzat eduki arren, Txillardegi nekez jo daiteke erlijio gabekotzat, Garcia Trujilloren ustez.
  • Jainkoaren Gogamena. Zientzia eta azken esanahiaren bilaketa (Paul Davies, Gaiak, 2008). Autoreak liburuan zientziaren ikerketaren eta horren kanpo errealitate hutsaren artean dagoen harremana aztertzen du.
  • Jainkoaz galdezka (Joxe Arregi, Alberdania, 2007). Jainkoari buruz 40 euskal idazleek duten ikuspegia biltzen da.
  • Jainkorik bai ala ez? (Joxe Arregi-Edorta Jimenez, Elkar, 2007). Saiakera. Erlijioaz eztabaida. Autore biak eginiko solasaldia.
  • Jentilen kronikak. Zazpiherritik itsasgorrietara (Karlos del Olmo, Dakit, 2003). Karlos del Olmok idazteko asmoa duen sail magiko-mitologiko bati hasiera emango liokeen nobela litzateke «Jentilen kronikak. Zazpiherritik itsasgorrietara» izenburua duen idazlan hau. Abenturak, maitasuna, heriotza eta jakintza zaharrak uztartuko lituzkeen sail horrek galdera honi eman nahiko lioke erantzuna: Zer gertatuko litzateke egun mitoen bitartez ezagutzen dugun mundua bat-batean benetakoa bihurtuko balitz? Eta horixe da «Zazpiherritik itsasgorrietara» nobelako protagonista nagusienari gertatzen zaiona. Halako batean, bere ohiko bizimodua atzean utzi beharrean aurkituko da, Euskal Herria kristautu aurreko garaian murgiltzeko. Bere amaigabeko bidaian, pertsonaia magiko eta mitologiko askorekin egingo du topo eta ezbehar frankori egin beharko die aurre, baina zoriona ere aurkituko du. Irakurlea jentilen garaira eramateko ahaleginean, folkloretik jasotako zenbait ipuin txertatu du Karlos del Olmok bere kontakizunaren hari nagusian. Horrez gain, mendebaldarrok ulertzeko zailtasun ugari ditugun txinatarren igarkizun liburu batetik jasotako pasarte iradokitzaileak erabili ditu del Olmok lan honetan.
  • Jerusalem, Xalimen hiria (Fito Rodriguez, Utriusque Vasconiae, 2008). Bere hitzetan, "saiakera eta nobelaren artean dagoen hibrido elkarrizketatua" da. Jerusalemgo harresi zaharrak hamaika ate ditu. Idazleak haietaz baliatu da hainbat gai garatzeko: erlijio, nazionalismoa, terrorismoa, indarkeria eta errukia, gatazka eta bakea... Rodriguezek zehaztu zuenez "krisi garai batean funtsezkoak izaten diren galderak azaltzen dira eta galderekin erantzunak". "Agian ez erantzun borobilak, baina erantzun ahal diren neurrian, kontestatarioak", azaldu zuen. Galderak egiten dituztenak institutu bateko hiru nerabe dira eta erantzunak Artizarne izeneko andereñoak ematen ditu. Hau dela eta, galdera "inozo" eta "sakonak" agertzen dira eta liburuan badago "umore puntu" batentzat aukera.
  • Jira bira munduari begira (Urtxintxa Eskola, 2010). 6-12 urte bitarteko haurrekin kulturartekotasuna lantzeko baliabide pedagogiko berritzailea da edozein hezitzaile, irakasle eta gurasorentzat. Izan ere, argitalpen honetan, 12 herrialde ezberdinetako haurren ahotik kontatutako 24 jolas, 12 tailer, 12 errezeta eta 12 ipuin aurki ditzakezue. Gainera, bildumako herriak, Euskal Herrian dagoen kultur aniztasuna kontuan izanik aukeratu dituzte. Bilduma honen barnean, jatorri kultural ezberdinetako haurrek, herrialde ezberdinak aurkeztuko dizkigute: Brasil, Txina, Ijito Herria, Sahara, Kolonbia, Filipinak, Euskal Herria, Bolivia, Senegal, India, Errumania eta Maroko.
  • Johnny Ereilea. Gerra guztien aurkako eleberria (Francesco D´Adamo, Aizkorri, 2008). Johnny hegazkinlari gaztea, gerra utzita, herrira itzuliko da eta guduan egindako astakeria eta ankerkeriez damututa azalduko da herrikideen aurrean. Hiritar “txukun eta leialek” heroi bat espero zuten eta hara non iritsi zaien sermoilari negarti bat! Eta aurka jarriko zaizkio Johnnyri, ez baitute onartuko bere ohorea eta nazioarenganako errespetu eta maitasuna hondatu nahi dizkien inongo oilo bustirik!
  • Joxe Elorrieta. Sindikalismoaren berri onak (Joxerra Garzia-Nagore Izagirre, Alberdania, 2000). Sindikalismoaren erreibindikazioa egiten du Jose Elorrietak, ELA sindikatuko idazkari nagusiak, Joxerra Garziak eta Nagore Izagirrek egiten dioten elkarrizketa sakon honetan. Sindikalista seinalatu batek Euskal Herriaren egoeraz, iraganaz eta geroaz duen ikuspegiaren azalpena izan nahi lukeen liburuan, sindikatuak gizarteko ahulenei -hau da, langile jendeari- laguntzeko sortu zirela mahaigaineratzen du Elorrietak. Ordutik hona lan-harremanak eta zapalkuntza moduak aldatu badira ere, sindikalismoaren zaharberritzea edo hiltzea aurreikusten du, sindikalismo "berri" baten beharra baikortasun osoz aldarrikatuz, militantzia, erantzukizuna, elkartasuna, berdintasuna, ahulenen aldeko apustua eta gatazka ere bere egingo dituen sindikalismoa behar-beharrezkotzat joz gaur egunerako.
  • Judu herriaren ibilbide luzea (Jurgi Kintana-Xabier Kintana, Gaiak, 1994). Juduen historia.
  • Justiziaren teoria bat (John Rawls, Pentsamenduaren Klasikoak, 2008).
  • Kalezulo (Jesus Mari Mendizabal "Bizargorri", Alberdania, 1997). Narrazioa. Liburua asteburu baten kontaera da eta protagonista drogaren hondamendira daraman bidean barrena barneratu da. Hondamendizko gau-bidaia horretan hainbat mugarri aurkitzen ditu, ordea, aurreko bizitzarekin lotzen dutenak eta irteera bat seinalatzen diotenak.
  • Kez egindako erretratua (Bill S. Ballinger, Igela-Berria, 2008). Narrazioa. Liburu honetako emakume protagonistak hamazazpi urte bete zituenerako gauza bat garbi zeukan: bera jaio zen Chicagoko bazter-auzotik ihes egiteko edozertarako prest zegoela. Horrekin batera beste zerbait ere bazuen bere alde: inguratzen zuten gizonezkoen ergelkeria nabarmena. Ohartzen zen oso erabilgarriak zirela.
  • Klaseak, erlijioak, generoa eta adina, gerra... gizarte desberdinetan. Gizarte antroplogia (Askoren Artean, Gaiak, 1999). Gizarte eta antropologian oinarritutako liburu hau zazpi ataletan banatuta dago. Atal bakoitzak gai zehatz bat aztertzen du. Honakoak dira atalak: etxeko bizimoduaren antolamendua eta ahaidetasun harremanak; generoa eta adina; antolamendu politikoa, gizarte kontrola eta gerra; ekoizpen-, ugalketa- eta truke-ereduak estatuaurreko eta estatu gizarteetan; garapena, azpigarapena eta kultur aldaketa eta azkenik erlijioa. Horrela, ezkon arauak gizarte desberdinetan nola gauzatzen diren irakurri ahal izango dugu edota maskulinotasuna eta femeninotasuna unibertsalak ala kulturalak diren aztertu.
  • Klonazioa, eutanasia, transgenikoak... Mundu globalizatuaren erronketarako prestatzen (Askoren artean, Gaiak, 2000). Gai horiek guztiak eta gehiago dituzte bertan aztergai. Lehen atalean, teknologia berriak eta bioetika atalean, adibidez, eutanasia aktiboa eta pasiboa, abortua edo emakumearen eta fetuaren eskubideak kontrajartzen direnean, aldeko eta kontrako argudioak azaltzen dituzte, hala nola ugalketaren inguruko arazoak eta "in vitro" egiten diren ernalkuntzak, ingeniaritza genetikoa, gizakiekin egin ohi den esperimentazioa eta abar luzea. Bigarren atalean, berriz, XXI. mendeko gizarteak kontsumo, informazio eta kultura arloetan aurrean jarriko dizkigun erronka berriei errepaso egiten diete.
  • Koaderno handia (Agota Kristof, Alberdania, 1997). Narrazioa. Ikasketa-prozesu baten lekuko egiten gaitu liburuak, pertsonaia nagusien, bi anaia bikien, ikasketa-prozesua da, gerra baten testuinguruan.
  • Kondenatu baten azken eguna (Victor Hugo, Elkar, 2010). Narrazioa. Heriotza zigorraren burugabekeria. Izenburutik bertatik ageri du gaia liburu honek: kondenatu baten azken eguna. Heriotzaren atarian dagoen presoaren kezkak eta oinazeak imajinatzean, gizatasunaren muinera iristen den larrimin bat kontatzen du Victor Hugok, garaiko literatura erromantikoak oso gogoko zituen egoera muturrekoen estilora.
  • Konferentzia GGKE 2000. Elkartasuna mundu mailara zabaldu. Giza garapena eraiki (Askoren Artean, Hegoa-EHU, 2001). Testuak 2000 urtean ospatu zen "Elkartasuna globalizatu, giza garapena eraiki izeneko Konferentziaren Konklusioen" laburpena aurkezten du. Konferentzia Hegoa eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak antolatua izan zen eta 400 lagun inguru bildu zuen. Laburpen honek 30 enuntziatu aurkezten ditu (batzuk erronka eta gomendio moduan), GGKEen identitatea, harremanak edo lanarekin lotutako 7 arlotan banatuta.
  • Kultura eta identitate erbesteratuak. Nomadologia subalternoak (Imanol Galfarsoro, Pamiela, 2005). Saiakera. Anti-neoliberala dugu bokazioz egilea, eta ironia probokatzailea arma harturik ekartzen ditu liburura egungo munduak dauzkan arazoen gainean urte askotan egin dituen gogoetak. Nazioa, humanismoa, filosofo berriak, kolonialismoa zein post-kolonialismoa eta beste hainbat gai ditu hizpide apunte moduko hauetan, baina ez da ondoriotara iristen, ez duelako adostasuna bilatzen bidaiariaren, kosmopolitaren edota abertzalearen kontura ironizatzen duenean.
  • Kulturaren enigmak. Behiak, zerriak gerrak eta sorginak (Marvin Harris, Gaiak, 1996). Mendebaldeko kulturatik piska bat urrun dauden beste kulturetara hurbiltzen saiatzen garenean, askotan aurkitzen ditugu harrigarriak edo zentzugabeak irudi dakizkigukeen fenomenoak. Adibide tipiko-topikoa erabiliz, zer dela-eta daude hainbeste behi Indian, jateko erabil litezkeenean? Marvin Harris antropologoak, ordea, hori eta hori bezalako beste agerpen kultural batzuk azaltzeko haruntzago joatea erabaki du, eta agerpen kulturalen izpirituzko azalpenen atzean eskutatzen diren arrazoizko azalpen materialak bilatzeari ekin dio. Ekologia du ikerketa prozesu honetan bidelagun. Hortaz, agerpen horiek mendebaldekoen ikuspegitik zentzuzkoak ez diruditen arren, ekologiatik ikusita zeharo logikoak direla jakinarazi nahiko digu.
  • Kultura kontzeptuaren inguruan (Iziar Basterretxea, 2009). Gaiak: eskubide kulturalak, modernitatea, globalizazioa. Azken urteetan eta pertsonok kultura zehatzetan egiten garela pertsona kontuan izanik zabaldu egin da iritzi maila ezberdinetan pertsonen portaera neurtzeko beharrezkoa dela pertsona horren kultura edo inguru kulturala kontuan hartzea. Honekin batera edozein kulturak dignitate edo balio bera duen ideia hedatu eta kultura guztien irauteko eskubidea aldarrikatu da.
  • Kultur performatibitatea eta gizarte fetitxegintza (Kepa Fernande de Larrinoa, Utriusque Vasconiaae, 2010). Hiru atal ditu liburuak: folk-historiari buruzkoa da lehena; kultur perfomatibitateari buruzkoa bigarrena eta gizarte dramaturgiari buruzkoa hirugarrena. Mattin Irigoienek idatzi du liburuaren gibel-solasa: Perfomatibitatea gure kultur agerpenetan.
  • La lutte finale (Joxean Agirre, Elkar, 2008). Narrazioa. Autoreak iragana omendu eta zahartzaroaren gainbehera aztertzen du: denboraren aurkako borroka, zahartzaroak eragindako gainbehera fisiko zein sexuala, beste norbait izateko nahia...
  • Lamiak, sorginak eta jainkosak. Zuhaitzak eta naturarekiko kultuak Euskal Herrian (Julio Caro Baroja, Gaiak, 1995).
  • Laminen sekretua (Juan Martin Elexpuru, Elkar. 2010). Narrazioa. Fraixkok ustekabeko dei bat jaso du, Mario Carmani diseinatzaile italiar famatuarena. Fraixkok idatziriko liburu bati esker, Euskal Herriko laminen berri izan du. Haien edertasun paregabeak liluratu egin du. Ezagutu egin nahi ditu eta bere arropak jantziz, modelo bihurtu. Hortik aurrera, abentura ez da hasi besterik egin.
  • Lanaren antropologia (Roman Garate, Gero, 1973).
  • Leuropa (Pablo Sastre, Susa, 2002). Emigrazioa, Marokotik Europara/Euskal Herrira.
  • Literatura eta harrikoa (Inma Errea, Pamiela, 2003). Saiakera. Emakumeek eta gizonezkoek dituzten eta izan dituzten bizi-ohiturez dihardu.
  • Los esclavos de de Alá (Jose Corral, Sirous, 2009). Eleberria. Esklabutza gaur egungo Mauritanian.
  • Los niños soldado (Guy Goodwin-Gill eta Slene Cohn, Fundamentos, 1997).
  • Los niños soldados: liburu gehiago
  • Lubakia (Andrei Platonov, Elkar-Alberdania, 2009). Narrazioa. Eleberria 1920ko hamarkadan kokatuta dago Sobiet Batasunean, Iraultza errusiarraren ondoren.
  • Lur sakratua. Antropologia kulturaleko saioa (Basandere Taldea, 2002). Gizateriak planetako ingurumen naturalarekin izan duen harremana eta sortu dituen unibertso sinbolikoak dauzka hizpide zazpi atal nagusitan banatutako lan honek. Hauexek dira atal horiek: Lurra eta kreazioa; Bide eta paisaia espiritualak; Lurraren energia; Irudiak eta egiturak; Lurrarekin elkarlanean; Fenomeno naturalak eta Glosategia. Jainkosa matriarkalistak, animismoa, totemismoa, txamanismoa... aztertzen dira bertan. Eta baita fenomeno megalitikoaren inguruan argitu gabe dauden misterio sakonak ere.
  • Lurraren taupadak (Jon Arretxe, Alfaguara-Zubia, 2001). Narrazioa. Amazoniako tribu baten gainbehera.
  • Mahatma Gandi (Aitor Zuberogoitia, Elkarlanean, 1997). Biografia.
  • Maiatzeko artoaren ardura eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila (Patxi Juaristi, Arabako Foru Aldundia, 2010). Saiakera. Egileak sarreran dioenaren arabera, besteak beste honako galderei erantzuna ematen saiatu da saio honetan: nolakoak gara gaur egungo euskaldunok? Zenbat aldatu gara azken urteotan? Zeintzuk dira gure benetako balioak? Hari horietatik tiraka, euskadunon postmaterialismoa zertan den azaltzen saiatu da Juaristi, gure gizarteak hartu dituen norabideei buruzko gogoeta bultzatzeko asmoz. Gainera, gizarte postmaterialista bihurtzeko ereduak eskaini nahi ditu liburuak.
  • Malenkonia arabiar bat (Abdela Taia, Alberdania, 2009). Narrazioa. Protagonistaren, egilearen beraren amodioak eta desamodioak kontatzen zaizkigu. Hasieran Rabaten bizi izandako haurtzaroa izango dugu; gero Paris hits bezain tristea eta gero berriro ere Marraketx eta Kairora itzuliko gara. Beste gizon batzuekin izandako harreman sexual eta amodiozkoek ez ezik, familiaz ere ariko zaigu —amaz batez ere— eta Ekialdeaz eta gizon arabiarrez duen ikuspegia emango digu, bere pasiorik handienarena, alegia.
  • Maradona, barrilete kosmikoa (Xabier Silveira, Txalaparta, 2008). Biografia. Buenos Aires pareko txabola auzo batean jaio eta aurreko mendeko futbol jokalaririk onena izatera heldu da Diego Armando Maradona. Haurra zenetik mundua txunditu zuen futbolean jolasteko bere manerarekin. Argentina, Espainia eta Italiako taldeekin bost kontinenteetako futbol zelaiak zeharkatu zituen eta, Argentinako selekzioaren 10. zenbakia bizkarrean zuela historiari utzitako irudiek, nazioarteko ikono bihurtu dute. Horrez gain, Maradonaren bizitza pertsonaleko gorabeherek eta, bereziki, drogarekin izandako arazoek, bere legenda puztu dute. Hala, bada, kirolari, abeslari, artista edo eta politikari ezagunek, zein gizabanako soilek sentitzen duten harenganako mirespena egunez egun handitu besterik ez da egin. Mirespen horren ondorio eta isla da Xabier Silveirak idatzitako liburu hau.
  • Marearen erraietan (Jose Inazio Basterretxea, Alberdania, 2007). Narrazioa. Osasuntsuen mundutik erauzi eta gaixoen mundura bota duten pertsona baten sentimentuak eta ingurumariak agertzen dira liburuan.
  • Mari-alderrai (S. G. Colette, Ibaizabal, 1998). Narrazioa. Autorea 1873an jaio zen Saint-Sauveur-en-Puisaye-n (Burgundia, Frantzia). Artean ere neska heldugabea zela, Henry Gauthier-Villars-ekin (Willy) ezkondu zen, zeinak haren lehen obrak (Claudine-ak) sinatu zituen. 1906an dibortziatu eta mimo bilakatu zen, idazten ere segitu zuen arren. 1936an Belgikako Erret Akademiakide izendatu zuten, eta Goncourt Akademiakoa 1944an. Parisen hil zen 1954an. Bere estiloagatik eta bere obraren zabaltasunagatik, XX. mendeko idazle onenen eta lehenbiziko feministen artean kokatu behar da. 1910ean kaleratutako liburu honetako protagonista emakume heldu bat da, etengabe aldarrai ibiltzen dena. Idazleak garai hartan feminismoaren alde eginiko lehen saioetako eskaintzen digu.
  • Mari. Basajaunaren eremuan (Asier Serrano, 2004). Narrazioa. Euskal mitologiako pertsonaiak hartu eta gaur egungo gizartean kokatzen dizkigu egileak. Sorginak, jentilak, lamiak, basajaunak, galtzagorriak, Mari, Itoizko zeruertza zeharkatzen duen suzko sugea, basandereak eta beste hainbat etengabe agertzen dira orrialdeotan barrena. Baina ez dira uste genuen bezalakoak. Gure hiri eta jaietan barrena, egilearen ironia lagun dutela, ezusteko bat baino gehiago eskainiko digute.
  • Medellingo lokatza (Alfredo Gomez Cerda, 2009). Narrazioa. Camilok eta Andresek egunak kalez kale gora eta behera ibiliz ematen dituzte Medellingo (Kolonbia) beren auzoan, hau da, munduko lekurik onenean. Camilok argi ikusten du, handiak direnean, lapur talde bat zuzenduko dutela. Baina Andresek ez du lapurra izan nahi. Hori bai, beti egongo dira elkarrekin. Ez dakitena da liburutegian halabeharrez sartzeak beharbada bizitza aldatuko diela.
  • Medikuak esan dit minbizia dudala (Joxe Aranzabal, Elkar, 2005). Testigantza. Minbizia.
  • Medikuntza bere historian. Gizartea, gaixotasuna eta osagilea (Joxemari Urkia, Erroteta, 2009).
  • Medusaren burua (Marilar Aleixandre, Elkar, 2010). Narrazioa. Mozorro-festa baten ondoren, autoz bide bazter urrun batera eraman eta bortxatu egingo dituzte Sofia eta Lupe. Hori ez da izango beren zoritxarren hasiera baizik. Jendearen begiradek ihes egiten dietela ohartuko dira, beraiek balira bezala lotsatu behar dutenak. Minigonaz joan izana aurpegiratuko ote diete? Salaketa bertan behera uzteko eskatu?
  • Mehatxatutako herriak (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2008).
  • Mendebaldearen mintzo mindua. Begiratu kritikoa gizarte eta kultura modernoari (Joseba Azkarraga, Euskaltzaindia-BBK, 2006). Saiakera.
  • Mem eta Zin (Ehmede Xani, Urtzi Urritikoetxea, Txalaparta, 2010). Narrazioa. Liburu honetarako Urtzi Urrutikoetxeak laburtu, apailatu eta euskaratu duen Mem eta Zin-en historia, herri kurduaren epopeia nazionala da. Bertan, Shakespeareren Romeo eta Julieta lan ezagunean bezala, gizarte maila ezberdineko bi gazteren maitasun tragedia kontatzen da.
    Men eta Zinen maitasunaren kontakizunak garaiko gizarte kurduaren eta Ekialde Hurbileko errealitatea hurbiltzen digu. Jauntxoen aurkako borrokak, ukazioaren kontrako errebeldiak edo eta hizkuntzarekiko maitasunak gure herriaren eta hizkuntzaren oihartzuna dakarkigute.
  • Mercaderes de la muerte made in Euskadi. La industria militar en Euskal Herria (Gasteizkoak, Zapateneo, 2008).
  • Mila ezker (Garbiñe Ubeda, Susa, 2009). Ezkerrei buruzko saiakera laburra, arlo ia guztietatik begiratuta.
  • Mila ezker
  • Mila magnolia lore (Miren Agur Meabe, Gero, 2010). Narrazioa. Umeentzako. (autoreak dio ez dela umeentzako liburua soilik). Sendabiderik ez duten haurren esperientziak kontatzen dira. Ume bat gaixorik ospitalean. Marrazki eta poemen bidez erantzungo die une ilun horretako galderei. Leihoaz bestaldean, magnolia bat, beste norabait bidaiatzeko txalupak diruditen lorez beterik.
  • Modernitate kapitalistari kritika: Weber, Frankfurteko Eskola, Habermas (Joseba Azkarraga, UEU, 2006). Mundu moderno kapitalista interpretatzeko modu bat ekarri du orriotara autoreak. Liburua historiako soziologorik handiena izan den Max Weber-ekin hasi eta beharbada gaurko pentsalaririk handiena eta aipatuena den Habermas-ekin amaitzen da.
  • Modernitatearen auziaz (Andoni Olariaga eta Jon Jimenez, Jakin, 2010).
  • Munduari buruzko nire pentsamoldea (A. Einstein, Gaiak, 1993).
  • Munduko zazpi herrialdetako ipuinak (Joseba Sarrionaindia, 2008). Euskal Herrian bizi diren zazpi herrialdetako haurren istorioak bildu ditu idazleak.
  • Musika airean (Karmele Jaio, Elkar, 2009). Narrazioa. Emakume heldu batek alboan duen Ekuadorko neskarekin duen harremana.
  • Nafarroako iñauteriak (F. Tiberio eta Luis Otermin, Nafarroako Gobernua, 1993).
  • Nasreddin (Pablo Sastre, Pamiela, 2010). Narrazioa. Nasreddin, Nars Eddin edo Nasrudin gisa izendatu izan dena sufi tradizioko pertsonaia da, eta XIII. eta XV. mendeen artean Anatolian bizi izan omen zen. Haren istorioak Pernando Amezketarra edo Perurenak izan litezke, adar jotzez eta txistez josiak baitaude. Istorio barregarri horiek bildu ditu Sastrek gazteentzat idatzitako bere hirugarren lanean. Liburuko ilustrazioak, berriz, Josemi Goyenak landu ditu
  • Nazareteko Jesus. Zer gizaki? Zer Jainko? (Joxe Arregi, Deustuko Unibertsitatea, 2004). Nor izan zen eta nor da Nazareteko Jesus? Duela bi mila urte, gauza harrigarriak esan eta egin zituen Palestinan, erromatar inperioaren bazter hartan, askoren pozerako, beste askoren haserrerako. Agintari erlijioso eta politikoentzat hereje eta arrisku bihurtu zen; beraz, kondenatu egin zuten eta gurutzean hil. Bere segitzaileek, ordea, bizi zela iragarri zuten eta bera maitatzen jarraitu, gaurdaino: zergatik ote? Fede kritikoz hurbildu nahi gaitu egileak Jesusengana, gaurko galderek eraginik: zer dio historiak Jesusi buruz? Zer izan ziren «mirariak»? Zer da berpiztea? Zer esan nahi du Jesus «egiazko Jainko» dela aitortzeak? Nola erakusten digu Jesusek egiazko gizaki izaten? Nor da Jesus gizadi oinazetuarentzat, natura zaurituarentzat, Jainkorik gabe eta Jainko-minez bizi den gizaki urduriarentzat? Jesusen Jainkoa gaur sinesgarri ote?.
  • Nelson Mandela (Maitane Legarreta, Elkar, 2010). Biografia. Nelson Mandela XX. mendeko bigarren erdia markatu duten pertsonari handienetako bat da, bere helduaroaren erdia (27 urte) kartzelan igaro arren. Apartheid-aren kontrako borrokalari nekagaitza eta Hegoafrika berriaren aita ez ezik, mundu osoarentzat bihurtu da duintasun pertsonalaren eredu, baita politikaren nobleziaren adibide garbiena ere. "Gure herrian lehenik espetxera goaz eta gero lehendakari bihurtzen gara".
  • Nietzscheren inguruan: Gizakia (duintasuna) - Jaungoikoa (Roman Garate, 2000).
  • Ninak ospa (Marliese Arold, Elkar, 2010). Aspertuta dago Nina bere etxeko giroaz, gurasoez... Ospa egin nahi du, eta bere puskak hartuta Hanburgora doa, bizimodu berri baten bila. Adin txikikoa denez, arazoak izango ditu lana eta bizilekua topatzeko, baina zailtasun horiek ere gaindituko ditu. Hala ere, espero ez dituen ustekabeak sortuko zaizkio bidean, eta horiei aurre egitea ez zaio, ez, samurra gertatuko. Nobela zirraragarri bat lortu du egileak, arin irakurri baina ezinegona sortzen dakien dramatismoaz ondua.
  • Nire amak ez dauka erremediorik (Antxine Mendizabal, Elkar, 2009). Narrazioa. Autoreak ama perfektuaren irudia puskatu nahi izan du liburu honetan.
  • Nola hustu nuen gurasoen etxea (Lydia Flem, Alberdania, 2005). Narrazioa. Hildako gurasoen etxea husten.
  • Numenak. Alaba (Unai Busturia-Julen Ribas, Saure, 2007). Komikia. "Numenak. Aita"-ren ondoren iritsi da plazara. Euskal mitologiako pertsonaiak ditu oinarri lan honek ere: Mari, Akerbeltz, Basajaun, lamiak eta beste... Beren mundua gainbeheran amiltzen ari dela oharturik daude pertsonaia horiek, baina aurrera egiten dute hala ere.
  • Odolean neraman (Joan Mari Irigoien, Elkar, 2004). Narrazioa. Euskal futbol izar baten ospea eta gainbehera. Futbolarekin lotutako eleberria. Kritika soziala.
  • Ogi hutsa (Aranzazu Royo Manterola, 2010). Narrazioa. Arabieratik zuzenean euskaraturiko liburua da Arantzazu Royo Manterolak itzulitako Ogi hutsa (Igela). Mohamed Txukri idazle marokoarraren (1935-2003) lanik ezagunena da nazioartean, ez batere eragozpenik gabe sona eman ziona. Rif eskualdean jaio zen, eta umetan Tetuanera eta Tangerrera joan zen, familiak emigratu behar izan zuenean, miseria eta gosea zirela eta. Tangerko kaleko ume alderrai bihurtu zen 11 urterekin. Lan xumeak eginez eta bizimodua nola edo hola ateraz bizi izan zuen haurtzaroa, gose, indarkeria, prostituzio eta drogazaleen giroan. Hogei urterekin ikasi zuen arabiera irakurtzen eta idazten, kartzelan lehenik eta Laratxen gero, handik aterata. Haren ama hizkuntza rifera zen, berbereeraren dialekto bat. Ogi pixka bat lortzea ere zail zitzaion garaia ekartzen du gogora Ogi hutsa nobela aztoragarri eta gordinak -Al-khubz al-haafi jatorrizko izenburuan-. Eleberri autobiografikoa da, trilogia baten lehen alea, berak bizi izandakoak modu xehe eta gordinean kontatzen dituena. Marokon debekatua egon zen, gordintasunagatik, eta debeku hori ez zen baliogabetu 2000. urtera arte.
  • Oinarrizko marketina (Agustin Arostegi, 2010). Unibertsitateko test-liburua. Marketina zer den eta marketin-prozesuan eragina duten elementuak aztertu dira liburu honetan.
  • Oinatzak bidean. Erlijioen historia (Joxe Arregi, Deustuko Unibertsitatea, 2004). Munduan bizirik dauden erlijioen historia.
  • Olga (Maria Dolors Salat i Torras, Hiria, 2002). Narrazioa. Drogaren atzaparretan eta menpekotasun horri aurre egin nahian dabilen neska gazte baten istorioa.
  • Onsa Hilceco Bidia (I. Tartas, Deustuko Unibertsitatea, 1995).
  • Oroimenaren azala (Jordi Sierra, Ibaizabal, 2002). Narrazioa. Kalil Mtube hamaika urteko mutiko afrikarra da. Bere bizitza errotik aldatuko da bere aitak saldu, eta kakao plantazio batean esklabu moduan lan egitera behartzen dutenean. Adiskidetasuna eta maitasuna ezagutuko ditu han, baina baita gizakien bihozgabekeria ere. Ihes egitea lortu arren, bide luzea egin beharko du askatasuna eskuratu arte. Liburuak munduko biztanle askok bizi dituzten babesik eza eta esplotazioa erakusten ditu.
  • Oroituz (Jon Arretxe, Elkar, 1998). Narrazioa. Bidaia fisiko eta espirituala Indiara eta Nepalera. Budismoa, hinduismoa...
  • Orozko Haraneko kondaira mitikoak (Anuntzi Arana, EHU, 1998).
  • Ospitalekoak (Mikel Antza, Susa, 2010). Narrazioa. Espetxean idatzia, kartzela-ospitale batean dagoen preso bat gertatutakoak ditu kontagai nagusi.
  • Ovniak: misterio ala errealitate? (Gaiak, Egile editore, 1993). Liburua bukatutakoan, ez dakigu sinesberago egingo garen ala ez, baina behintzat zerbait ikasiko dugu: ovniak eta Euskal Herriaren arteko lotura, gure galaxiaren egitura, izar bat zer den, NASA-ren nondik-norakoak, irrati-teleskopioak zer diren, OHE bat zer ez den...
  • Paranoiaren hozberoa. (Juan Izuzkiza Tartas, Pamiela, 2008). Saiakera. Egungo gizartearen /gizakiaren gaineko gogoetak. Gaur eta hemengo gizakia galduta dago... Zibilizazioaz, kulturaz, politikaz eta eguneroko kontuez ikuspegi ezkorra.
  • Pertsona "izaten" hezi (Jonan Fernandez, Arantzazu Baketik Fundazioa, 2010). Liburuak, Baketik-ek argitaratua eta Federico Mayor Zaragozaren hitzaurrea duena, bizipeneko zortzi ikaskuntza eskaintzen ditu pertsona izaten geure burua eta besteak hezteko. Proposamenaren alderdi teorikoa jorratzen du. Dena dela, ez dago irakaskuntzako profesionalei zuzendua bakarrik, bizitzaren, bizikidetzaren eta heziketaren inguruko kezkak dituen edonorentzat aproposa da. Eskuragarri dago dagoeneko euskaraz eta gazteleraz.
  • Pirinioak eta Euskal Herria: mitoak eta sineskizunak (Sarda Taldea, Gaiak, 1995). Pirinioen inguruan mendez mende garatutako istorio eta legendak biltzen ditu liburu honek.
  • Preso nago (Mikel Orbegozo, Ataramiñe, 2010). Komikia. Kartzelako egunerokoa umorez kontatzen duen komiki liburua. Erresistentziarako arma da umorea; edo izan daiteke, behintzat. Hori da Mikel Orbegozo euskal presoak kaleratu duen komiki liburutik ondorioztatzen dena. Preso nago du izenburua Ataramiñe elkarteak argitaratutako lanak, eta Irribarrez pixka bat libreago azpi izenburua. Espetxeko bizimoduaren egunerokoa da Orbegozok erakusten duena, baina begirada bihurri, umoretsu eta ironikoz. Kolorez betetako marrazkiz dago osatua liburua, inguru eta errealitate ilun bat azaldu arren: bakartzea, errepresioa, gose grebak...«Bizirik irauteko beharrezkoa du umorea Mikelek », azaldu du Maria Etxarri egilearen amak Iruñean izandako liburuaren aurkezpenean. Egilerik gabeko aurkezpena izan da, ezinbestean, sei urte baitira Orbegozo espetxeratu zutela. Leongo kartzelan dago egun, eta han egin ditu marrazkiak ere. Horregatik, ezkutuan atera behar izan dituzte bere lan guztiak kalera senide eta lagunek, eta hori dela eta hartu behar izan du bestek aurkezpenean haren liburua aurkezteko lana. Euskaraz eta gaztelaniaz daude testuak, nahasian, espetxeko errealitatearen isla. Euskaraz mintzo dira presoak, eta gaztelaniaz, aldiz, kartzelako langile eta poliziak. Eta umorez marrazten du bereizketa hori ere Orbegozok.
    Nahasian doaz ironia eta salaketa ere komikiko tira gehienetan; euskal presoen argazkien aurka hartutako neurriei eskainitakoetan, eta kartzelako buruek presoen aurka hartzen dituzten neurriei buruzkoetan, adibidez. Badira marrazki intimoagoak ere, ordea. Espetxe barruko amatasunari eta maitasunari buruzkoak, esaterako.
  • Psikologiako sei ikerlan (Jean Piaget, Gaiak, 1998). Jean Piagetek haurraren psikologiaz, adimenaz eta hizkuntzaz egin zituen ikerketen garrantzia kontuan harturik, hala nola pentsalari suitzar honek kaleratutako liburuen konplexutasuna ulertzeko irakurle arruntak duen zailatasuna, Jean Piageten zenbait artikulu eta hitzaldi biltzea erabaki zuen Gaiak argitaletxeak. Umearen adimen-garapenaren inguruko lanek osatzen dute lehen zatia. Bigarrenean, berriz, Ume txikiaren pentsamendua, Hizkuntza eta pentsamendua genetikaren ikuspegitik, Oreka nozioaren zeregina portaeren azalpenean psikologian, Psikologia genetikoko arazoak eta Adimenaren hasiera (genesia) eta egitura psikologian deitu lanak azaltzen dira.
  • Roboten mundu kezkagarria (Gaiak, Egile editore, 1992).
  • Sahara. "Chartat". Herri-zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, 2009). Herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu
  • Salbazioko armada (Abdela Taia, Alberdania, 2007). Narrazio-autobiografikoa. Gazte marokiar homosexual baten testigantza.
  • Saltzaile baten heriotza (arthur Miller, Hiria, 2001). Arthur Miller idazle estatubatuarraren «Death of a Salesman» antzezlana euskaratu du Xabier Galarretak, «Saltzaile baten heriotza» izenburupean Hiria argitaletxearen bidez plazaratuz. 1949an ikusi zuen argia kontsumo gizartearen kritika zorrotz honek. Gizarte mota horren baloreak dauzka hizpide, langile xumeari nolako hondamena ekar diezaioketen agerian uzten duelarik. Titulutik bertatik erraz asma daitekeenez, saltzailea da bere protagonista nagusia, bere semeen aurrean arrakastatsu eta eredugarri azaldu nahiko lukeen gizona, errealitatean hutsaren hurrengo gisa tratatua dela onartu nahi gabe. Ia bizitza osoa eskaini dio Willy Lomanek duen lanbideari, herriz herri salmentak egiten ibiltzeari. Orain zahartu da, ordea, nekatuta dago, eta begirune pixka bat eskuratu nahi luke bere ugazabengandik... Ez alferrik!
  • Sara, nor zara? (M. Berretoni Carrara-Chiara Carrer, Pamiela-Kalandraka, 2010). Narrrazioa. Sara, nor zara? autismoaren fenomenora hurbiltzeko modu poetiko eta goxoa da. Narratzaileak ederki kontatzen digu nolakoa den bere arreba: haren presentzia misteriotsua, haren aldarte ezin aldakorragoa, arrebarenganako emozio eta sentimenduak, familiarekin duen lotura mota... Komunikazioa, elkarri ulertzea, beti da zail samarra, baina Sararekin? Izugarri berezia da. Irudiak paper margotuaren gainean daude eginik; marrak dira, edo marrazkiak, edo itzalak. Collage modura, ukimenerako azaleretan aplikatzen diren irudiak. Testuak modu literarioan adierazten duen hori bera transmititzen dute irudiek forma eta koloreen bidez: abstrakzioa, absentzia, misterioa, goxotasuna, bakardadea, izua, samurtasuna, haserrea... Irudi lanketa ozo zaindua erakusten du obrak dituen 32 orrialdeetan.
  • Segurako Aste Santua, lan isila (Lierni eta Marixabel Elortza, Segurako udala, 2009). Liburuan islatzen da nola ikusten den Aste Santua grafikoki eta herritarrek nola egiten duten prozesioko prestakuntza lana. Testigantzak.
  • Seme (L. Haranburu Altuna, Hiria, 2000). Iragan udan gertatutako ekintzen eta gertakizunen kontaketa laburrek osatzen dute liburu hau. Hauetan, kalean ikusiriko edozein eskena aitzakiatzat hartuta, autoreak semeari hitz egingo dio politikaz, sexuaz, etikaz eta bere bizitzako kontuez. Semeari zuzendutako bakarrizketa horren bidez Luis Haranburu Altunak bere biografia, barrunbea eta ni-a biluzten du idazkera soil eta intimoz.
  • Seximenduz. Zer arraio egin behar da hemen ligatzeko? (Fernando Morillo, Elkar, 2007). Narrazioa. Nerabeei begira landutako obra da. Bertan bi lagunen istorioa kontatzen da.
  • Sexismoaren nondik norakoak (Txubillo Taldea, Gaiak, 2006). Sexuaren gaineko mitoen eta egia biribilen zerrenda eskaintzen duen lan hau bereziki ikasleei zuzendua badago ere, edozeini interesa lekioke. Berdintasuna, aurreiritziak, sexu bazterketa, matxismoa, bortxaketa, sexu-trafikoa, desira lesbikoak eta homosexualak, indarkeria fisikoa zein psikologikoa, xantaia emozionala, eta sexismoa eta mundializazioa bezalako hamaika gai aztertu dira bertan. Edozein sexu bazterketaren eta homofobiaren aurka eta gizaki guztien giza eskubideen alde egin nahi duen lana dugu. Lesbianismoa eta homosexualitatearen historia agertzerakoan, hainbat pertsona homosexual edo bisexual ospetsuren biografia gehitu diote: Alejandro Handia, Safo Lesboskoa, Leonardo da Vinci, eta Virginia Woolfena, esate baterako.
  • Sexu seguruagoa (Gehitu, 2009-2010). Gazte homosexualentzako gida..
  • Sexua noiznahi (Luis Elberdin, Gaiak, 2006).
  • Sexuaren inguruko sinesmenak eta tabuak (Basendere Taldea, Gaiak, 1999). Gizakia gizaki denetik, sexuak sakratuarekin lotura misteriotsua izan du. Liburu honetan sexuaren eta giza espirituaren arteko harremanen historia eta praktika aztertzen ditu.
  • Sinesmenak eta usteak (Agustin Arrieta-Urtizberea, Alberdania, 2010). Saiakera. Norberaren sinesmen, uste eta iritziek mapa antzeko bat osatzen dute. Mapa hori garrantzitsua da eguneroko bizitzan, orientatu egiten gaitu-eta. Areago, nolako sinesmenak halako ekintzak. Baina nola eskuratzen ditugu sinesmen eta uste horiek? Nola iltzatzen dira guregan? Kezkatzen al gara usteen eta sinesmenen zehaztasunaz? Edozein gauza sinets al daiteke? Sinesmenak eta usteak finkatzeko zenbait bide aztertzen ditu autoreak lan atsegin honetan, eta zentzu komunaren alde argudiatzen du. Ildo horretatik, filosofiaz, zientziaz eta erlijioaz ere mintzatzen da ezinbestez. Azkenik, erlijio sinesmenen inguruko zenbait onarpenen ahulezia agerian uzten saiatu da. Adibidez, uste zabaldua da baliorik gabeko basamortu bihurtuko zaigula erlijiorik gabeko mundua. Uste hori gezurtatzeko saio bat ere bada liburua.
  • Sisyforen mitoa (Albert Camus, Klasikoak, 1991). Autorea suizidioaren problematik, "bizitzak bizitzea merezi duen ala ez" galdetzetik abiatzen da. Galdera honek eta beroni ematen zaion erantzunak triangeluaren soluzioaren angelua osatzen dute. Beste angeluak absurduaren eta argitasunaren nozioez osaturik daude. Hala ere, Camusen pentsamendua birrintzaile edo etsigarria barik eraikitzailea da. Camusen ustez, eginbeharrak, ekintasunak eta argikusmenak gidatzen gaituzte lurtar poztasunera, sinbolikoki "erresuma" deitzen duenera. Absurdua abolitzeko ahalmenik ezaz, Camusek argitsu bihurtzen du: "absurduak argitu egiten nau", diosku bere xalotasunean.
  • SP-rako tranbia (Unai Elorriaga, Elkar, 2001). Narrazioa. Agure baten eromen prozesu hunkigarria.
  • Stock13 (Edorta Jimenez, Txalaparta, 2009). Narrazioa. Autorea bere sexu bizipenetan oinarrita da.
  • Su armak, germenak eta altzairua (Jared Diamond, Klasikoak, 2010). Liburu mardul honetan, Jared Diamond irakasle ospetsua historiako galderarik mamitsuenetako bati erantzuna ematen saiatzen da. Hauxe da galdera: Zergatik iritsi dira gizarte batzuk menderatzaile izatera eta gelditu dira beste batzuk menderaturik? Ikuspegi askotatik begiratuz eta argudio sendoak erabiliz, Diamondek frogatzen du Eurasiako kontinenteak abantaila handiak izan dituela, haren luzetarako ardatzak duen orientazioagatik eta aberastasun biologikoagatik eta horri esker garatu zela hor laborantza eta, horren ondorioz, gizarte handi, sendo, antolatuak eratu zirela. Arras faltsutzen ditu eurasiarron gailentasuna alderdi intelektual, moral edo genetikotik besteak baino gehiago izatetik datorrela proposatzen duten planteamenduak. Esan bezala, dokumentazio aberatsa erabiltzen du arrazoibide horretan, geografian, biologian, medikuntzan, arkeologian, hizkuntzalaritzan, historian, teknologian eta beste hainbat jakintzatan oinarritua.
  • Subordinazioaren kontra (Imanol Galfarsoro, Pamiela, 2008). Saiakera honek diskurtso ofizialaren aurkako gogoeta bultzatu nahi du. Euskal Herrian dagoen eztabaidaren faltsutasuna argitara ekarri nahi izan du, benetako gogoeta bultzatu eta mendekotasuna salatzeko. Liburu «gogorra» iruditu zaio Joxe Azurmendi filosofoari, hitzaurrearen egileari. Azurmendiren aburuz, gizartearen gai minberenak biguntasunik gabe eta perspektiba deklaratu batetik tratatu ditu idazleak: «ETAren borroka armatua, Estatuaren bortxa, kulturaren beraren bortxakeria, biktimen errukia eta agian biktimen bortxa noizean behin, pluralismoaren komeria eta toleranteen intolerantzia». Demokraziaren diskurtsoak irrazionaltzat jotzen dituen gaiak zalantzan jarri ditu Galfarsorok, besteak beste, Euskal Estatuaren naturaltasuna. Euskal Herrian «polemikotasuna» galdu da idazlearen aburuz, hori dela eta, isilarazten gaituzten elementuak zeintzuk diren aztertu nahi izan du liburuan. Kultur aniztasunari buruzko gogoeta ere biltzen du saiakera honetan, non kritikaren bidea itxi dutela salatzen duen: «Euskal Herrian nahitaez multikulturaren alde egon behar duzu». Jose Angel Irigarai editoreak liburuaren «berezitasuna» azpimarratu du: «Iturri berriak erabiltzen ditu eta gure letretan ezezagun diren pentsalari, ideologo edota soziologoak hurbiltzen ditu».
  • Tartariarren basamortua (Dino Buzzati, Alberdania-Elkar, 2010). Narrazioa. Giovanni Drogo tenientea tartariarren basamortuaren muga zaintzeko dagoen Bastiani gotorlekura bidali dute bere militar ikasketak bukatu bezain laster. Han ahalik eta gutxien geratu eta ahal bait lehen berriro hirira itzultzeko asmoa darama, bizitza hirian egiteko. Poliki-poliki, ordea, ia oharkabean eta gotorlekuko diziplina obsesibo eta betiberdinak bere mendean hartzen du, eta hasieran egunak, asteak, hilabeteak, gero urteak joaten hasten dira, harik eta gero eta zurrunbilo bizkorrago batean, bakardaderik bakarrenean, bizitza igarotzen ari den bidearen bazterreko ostatu bakartian bere desbizitzari zentzua emango dion egiazko egitandi bakarra iristen zaion arte.
  • Teknikaren meditazioa (Joxe Azurmendi, Kutxa, 1998). Saiakera. Gaur egun, alde batetik zientzia eta teknika miretsi egiten diren bitartean, haietxen beldur gara bestetik honez gero (Hiroshima, Nagasaki-Seveso, Bhopal, Harrisburg, Txernobil...). Giza bizitzarentzat aurrerapen eta onura handiak itxaroten jarraitzen dugu haietatik, baina une berean beldur gara aurrerapen horiekin guztiekin laster ez ote gaituzten zeharo hondatuko geu eta gure mundutxoa. Teknikaren beldur hori fenomeno berria da, era honetan behintzat, mendebaleko gizartean. Modernidarearen ezaugarri markatuena zientziaren eta teknikaren optimismo kasik absolutua izan dela, kontu egiten badugu, ez ote zaigu beldur honetan Aro berri baten goizargia adierazten, edo gutxienez Aro zahar baten ilunabar zantzuak?
  • Teknologia eta historia (Gaiak, Egile editore, 1996). Teknologiaren historia eta gaur egun teknologiaren garapenak zer-nolako buruhausteak sortzen dituen aztertzen du liburuak. Nork kontrolatzen du teknologia? Teknologia gure etsai bihurtuko al da?...
  • Terra Madre. nola ez utzi janariak jan gaitzan (Carlo Petri, Slow Food Bilbo Bizkaia, 2010). Slow Food izeneko filosofiaren inguruko liburua.
  • Tigreak hondartzan (Maribel Aiertza, 2010). Narrazioa. Lau urteko umea galtzen duen ama baten istorioa.
  • Tolerantziaren gaineko disertazioa (Xabier Agirre, Pamiela, 2006). Saiakera. Gaur egun eta historian zehar.
  • Tom hil da (Marie Darrieussecq, Alberdania, 2008). Narrazioa. Ama bati lau urteko mutiko baten heriotzak utzitako hutsunea da liburuaren oinarria.
  • Tropiko tristeak (Levi-Strauss, Klasikoak, 2009). Gizabanakoaz, gizarteaz eta unibertsoaz gogoeta, 30eko hamarkadan Brasilera egindako bidai baten berri emateaz gain.
  • Txina: "Enperadorearen 55 edalontziak". Herri-Zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, 2009). Herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu.
  • Txoria (Oh Jung-Hi, Alberdania, 2006). Narrazioa. Indarkeria familian. Bi anai-arreba ditugu protagonistak: hamaika urteko Umi izeneko neskatoa eta bederatzi urteko Uil bere anaia, pixka bat atzeratua baita. Ama hilda, aitak eskutik utzita, inoren laguntzarik gabe moldatu beharko dute neska-mutikoek. Umi dugu narratzailea, neskatxa alegia, eta hamaika urteko haur baten ikuspegi xaloaz adierazten dizkigu gertakizunak. Xalotasun horren ondorioz, ez bat-batean baizik eta gutxika-gutxika jabetuko da irakurlea liburuko errealitate gordinaz.
  • Urrunean, Menkaura (Elena O´Callaghan, Ibaizabal, 2008). Narrazioa. Kairo aldean, Gizako piramide-multzoak iraganaldi distiratsuaren berri ematen die bisitariei. Baina, ikusten dakitenei, gaur egungo miseria eta txirotasuna ere erakusten die. Gamal mutiko egiptoarrak turistei oroigarriak salduz ateratzen du bizimodua aurrera. Menkaurako piramideen itzalpean, haurtzaro gorabeheratsua landu beharko du, etorkizuna itxaropenez bideratzeko. Haren nekaezintasunari eta senari esker, aurkako patuari aurre egin ahal izango dio.
  • Usoa. Lehen kanpamendua (Patxi Zubizarreta eta Elena Odriozola, Erein, 2002). Narrazioa. Euskal Herrira bizitzera etorri behar izan duen hamaika bat urteko neskato afrikarra da Usoa eta kanpamendu batera doa.
  • Usteak eta sinesmenak (Agustin Arrieta-Urtizberea, Alberdania, 2010). Saiakera. Norberaren sinesmen, uste eta iritziek mapa antzeko bat osatzen dute. Mapa hori garrantzitsua da eguneroko bizitzan, orientatu egiten gaitu-eta. Areago, nolako sinesmenak halako ekintzak. Baina nola eskuratzen ditugu sinesmen eta uste horiek? Nola iltzatzen dira guregan? Kezkatzen al gara usteen eta sinesmenen zehaztasunaz? Edozein gauza sinets al daiteke? Sinesmenak eta usteak finkatzeko zenbait bide aztertzen ditu autoreak lan atsegin honetan, eta zentzu komunaren alde argudiatzen du. Ildo horretatik, filosofiaz, zientziaz eta erlijioaz ere mintzatzen da ezinbestez. Azkenik, erlijio sinesmenen inguruko zenbait onarpenen ahulezia agerian uzten saiatu da. Adibidez, uste zabaldua da baliorik gabeko basamortu bihurtuko zaigula erlijiorik gabeko mundua. Uste hori gezurtatzeko saio bat ere bada liburua.
  • Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik. Esne beltza eta nazismoaren adiskideok (Ignazio Aiestaran, Elkar, 2010). Bonbardaketak ardatz hartuta aztertu ditu XX. mendeko Europako totalitarismoak idazleak. Liburu honetan irakurleak, lehenengo aldiz, logika belizista bat aurkituko du, XX. mende hasieran indar handia izan zuena. 20ko eta 30ko hamarkadetan Espainiak eta Italiak bonbardaketak erabili zituzten Afrikako kolonietan, bai Rif-en, bai Abisinian. Espainiako Gerra Zibilean areagotu egin zen estrategia hau; Otxandio, Durango eta Gernika proba-lekuak izan ziren, eta geroago penintsulako leku askotan zabaldu zen suntsiketa, Mussolinik eta Hitlerrek lagundurik. Proba horiek ohiko bilakatu ziren Bigarren Mundu Gerran: Dresden, Coventry, Hamburg, Hiroshima eta Nagasaki dira historia beltz honetako markak. Bonbardaketetan garai hartako arma guztiak erabili ziren: hegazkinak, gasa, lehergailuak... arrazismoz eta xenofobiaz beteriko ideologiatik gerra totala justifikatu nahian. Ideologo nazi batzuek erabateko mobilizazioa deitu zioten estrategia hilgarri hari. Intelektual asko izan ziren estrategia horren lekuko: Walter Benjamin, Ernst Junger, Pablo Picasso, Lauaxeta. Datuak, historia eta literatura mataza original batean biltzen dira liburu honetan, garai beltz hartako kronika eta eragina sakon eta zorrotz azalduz. Totalitarismoaren biktimek esne beltza edaten zutela adierazi zuen Paul Celan olerkari juduak, metafora mingots batean. Eta sententzia argia gehitu zuen Heriotza Alemaniatik etorritako maisua dugu. Liburu berria Esne beltza eta nazismoaren adiskideok trilogiaren lehena izango da, Aiestaranen asmoak gauzatzen badira: bigarrena «lan eta kontzentrazio esparruei eta eugenesiari buruzkoa» izango da; hirugarrenak kulturaren eta totalitarismoaren arteko harremana aztertuko du.
  • Zahartzaroa. Osasunaren sustapena eta pazientearentzako laguntza psikologikoa (Arrate Uranga, Elhuyar, 2004). Testu-liburua. Interneten dago.
  • Zaintxo (Pello Añorga, Erein. 2009). Zer esan gure umeari maite dugun norbait hiltzen zaigunean? Non bilatu kontsolamendua, nola bideratu hutsune hark sortu digun ezinegona? Liburu honek irtenbide on bat ematen dio gai zail honi. Irtenbide profesionala, gainera, P. Izagirre psikologoaren aholkuari jarraituz egina, esker aitortzan esaten zaigunez. Narrazio eran jositako istorio hau helduok haur/gaztetxoari irakurtzeko oso aproposa da, holako egoeretan falta zaizkigun hitzen hutsunea betetzen baitu eta «zaintxo» kontzeptuaren bidez irtenbide egoki bat eskaintzen baitigu halako egoera zailentzat. Aitzakiatzat kontatzen zaigun istorioa zein den sumatuko zenuen honez gero: amona hil zaio Paulori eta aitak -narratzailea- umea kontsolatzeko ahaleginak egiten ditu. Aitak esaten dio semeari badela Zaintxo deritzon zera bat gu guztion baitan dagoena eta amonaren Zaintxo bere Zaintxorekin dagoela orain, bihotz ondoan daukala.
  • Zer da, ba, maitasuna? (Miren Agur Meabe, Elkar, 2008). Narrazioa. Hamahiru urtetik gorako gazteentzako obra da eta Concetta Probanzak ilustratu du teknika askotako marrazkiekin. Berezi eta Mister X pertsonaiek -batak besteari jarritako izenak dira horiek, ez egiazkoak- galdera horri erantzun nahirik pasatuko dituzte egunak. «Erantzun azaleko edo sakonak, topikoak edo orijinalak emango dizkio nork bere buruari, hala nola maitasuna gorputzean kilkerrak sentitzea dela, edo bitsezko katebegiz lotzea, edo erridikulua egitea...», azaldu du autoreak. Berezia da egileak gazteentzat sortu duen obra: bi aldeetatik hasita irakur daiteke, aurretik zein atzetik hartuta. Aurreko aldean, Bereziren kontaketa izango du irakurleak; atzekoan, Mister X-ena. «Ahalegindu naiz neskaren eta mutilaren ahotsak desberdintzen, ez tonuan soilik, baita adierazpen baliabideetan ere. Nork bere nortasuna baitu». Meabek adierazi duenez, «neskak gogoetarako joera dauka, ameslaria da, kritikoa... Hizkera poetiko samarra dauka». Poeta baita Berezi. Poeta begiekin ikusten du mundua. Mister X alaiagoa dela esan du idazleak; «urduria, solidarioa, baikorra...». Sortzailea da ere bai, musikaria. Istorioak aurrera egin ahala, ordea, batak bestearen antza hartuko du: Berezi ironikoagoa bihurtuko da, eta Mister X dramatikoagoa. Liburuan, bestalde, genero bi tartekatuta idatzi du Meabek; narrazioa dago batetik, eta poesia bestetik. Maitasuna da liburuko gai nagusia, baina ez bakarra. Eremu pribatuko gaien ondoan, kezka sozial eta politikoak ere agertzen direla ziurtatu du idazleak. Halaber, liburuan barrena arte, musika eta historia erreferentzia ugari azaltzen dira.
  • Zer da psikoanalisia?. Inkontzientea, super-nia, terapiak (Askoren Artean, Gaiak, 2003). Aditu talde batek psikoanalisiaren teoria eta praktika aztertuz osatu duen liburu honetan, gutako bakoitzaren barnean dagoen inkontzientea aztertzetik hasiz, super-ni kontzientearen eta inkontzientearen nondik norakoak agertu eta gizakiaren garapenean eta bizitza psikikoan psikoanalisiarentzat hain funtsezkoa den sexualitateari buruzko azalpenak eman eta gero, sendabide psikoanalitikoaren gaiari heltzen zaio bertan. Ondoren, XX. mendearen erdialdeaz geroztik Freuden lana berrikusi eta alditan bazterrera ere utzi zuten teoria eta ikuspegi psikoterapeutikoen berri ere ematen da liburuan.
  • Zer da zure burmuinari buruz dakizuna?. 60 galderari, 60 erantzun (Francisco J. Rubia, Gaiak, 2009). Gizadiaren historian zehar badaude hainbat eta hainbat teoria eta ikerketa galdera jakin batzuen inguruan. Lo zergatik egiten dugu eta amets zergatik egiten dugu? Egia al da koloreak usaintzen dituzten pertsonak daudela? Egia al da gure adimen-ahalmenaren ehuneko hamar baino erabiltzen ez dugula? Egia al da ezkertiak eskuinak baino azkarragoak direla? Zer da seigarren sentimena? Francisco J. Rubia neurozientzialariak topiko arruntenetariko batzuk desegiten ditu liburu berri honetan eta gure burmuinari buruzko 60 galdera zoragarriren soluzioa eskaintzen digu.
  • Zergatik lana? (Juanjo Dorronsoro, Desclée de Brouwer-Mensajero, 1988). Saiakera. Lana, dirua, aisialdia...
  • Zergatik panpox (Arantxa Urretabizkaia, 1997). Narrazioa. Lagunak alde egin ondoren emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak. Goizean goizetik gosaria eman, ikastolara joan behar dela hurrengo, arratsaldean jaso... lotara eraman arte, eta protagonista bera oheratu arte egin eta burutik pasatako gogoetak dira nobelaren edukia. Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia. Bakardadea sentitzeko ere ia tarterik gabe dago emakumea, halakoxea baita bere bizitzaren atze-aurrea. Baina tartetxo bakan horietan isurtzen da nobelara etxetik alde egin zuen lagunaren oroitzapena. Emakumea da kontalaria, eta emakumearen sentsibilitate unibertsalenetik dago kontatuta nobela, haren sentimenduak guztionak baitira.
  • Zertan dira askatasuna eta berdintasuna gaur egun? (Xabier Agirre, Euskaltzaindia-BBK, 2005). Saiakera. Eskubideak ezinbestekoak ditugula gaur egun-eta, askatasuna, berdintasuna eta giza eskubideak gaietan sakondu du Xabier Agirre Urteagak Euskaltzaindia eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Mikel Zarate lehiaketan 2004koan irabazle suertaturiko Zertan dira askatasuna eta berdintasuna gaur egun? saioan. Lehenik eta behin, bere azterketan bidaide nagusi dituen John Rawls eta Norberto Bobbio pentsalariak aurkezten ditu, jarraian Rawlsen askatasunaren kontzeptua azaltzeko Habermasekin izan zuen polemikaz baliatuz. Ondoren, pluralismoaz esandakoaren hainbat ikuspegi, demokraziaren baloreen aldaketak eta berdintasuna zein giza eskubideen oinarritze filosofikoaren ahuleziak agertzen ditu.
  • Zezilia, Samuel eta barraskilo kalakaria (Maria Markotegi Ijurko, Gero, 2005). Narrazioa. Minbizia jasaten duten haurrei eskainitako kontakizuna.
  • Zientzia eta teknologia ongizate-gizartean (Luis Zaballos, Erein, 2010). Tradizionalki, pinturari, musikari, literaturari, zinemari eta arteari lotuta egon da kultura, eta ez, aldiz, fisikari, kimikari, ingeniaritzari edo teknologiari. Hamleten egilea edo Mozart ez ezagutzea kultura-gabeziatzat jotzen da. Ez da berdin jokatzen baldin eta norbaitek Newtonen legeak ezagutzen ez baditu edo elementuen taula periodikoa zer den ez badaki; orokorrean, nahiz eta zientziaren printzipioen oinarriak edo teknologiaren funtsezko eginkizunak ezagutu ez, oso landutzat jo daiteke pertsona bat. Guztiz harritzekoa da zein irizpide ezberdinak erabiltzen diren zientzia arloko ezagutza falta balioesteko beste edozein arloren aldean. Bestalde, zientziaren eta teknologiaren menpean dagoen munduan bizi gara. Ez dago inongo dudarik. Lurreko hainbat lekutan gizakien egoera oso bestelakoa izan arren, herrialde guztietan ikus dezakegu, neurri handiagoan edo txikiagoan, zientziaren edota teknologiaren eragina. Baina, badakigu zer den zientzia? Badakigu zer neurritan mugatzen duen zientziak gure eguneroko bizimodua? Zer jakin beharko genuke zientziaren eta teknologiaren inguruan? Zein izan behar da gure jarrera zientziarekiko eta teknologiarekiko? Are gehiago, eskuzabalak izan gaitezke, era guztietako teknologia berriak eskuratu baititzakegu zientziaren aurrerakuntzei esker, eta bizimodu erosoagoa izan. Bestetik, jarrera kritikoa izan behar dugu, aurrerakuntza bakoitzak izan lezakeen ordainari erreparatuz.
  • Zientziaren hiztegia. 200 hitz 2000. urterako (Aitor Anduaga, Gaiak, 1999).
  • Zientziaren sinesgarritasuna (John Ziman, Gaiak, 2010). Zimanek zientziari egiten zaizkion erasoak aztertu zituen liburu honetan. Fronte askotatik egiten zaio tiro zientziari. Kontserbadoreek erasotzen dute, beldur direlako ezagutzen duten mundu bakarra suntsituko ez ote duen. Eta aurrerakoiek ere bai, zientziak etorkizuneko paradisua pozoituko duelakoan. Demokrata zuhur agertzen da teknikaren zapalkuntza gaitasuna ikusita. Eta aristokratak beldur dio makinaren joera berdinzaleari. Baina, horien aurrean, sendoak al dira zientziaren argudioak? Eztabaidarako oinarriak, liburuan.
  • Zoaz infernura, laztana (Anjel Lertxundi, Alberdania, 2008). Narrazioa. Bikote harremanak aztertzen ditu Lertxundik eleberri honetan. Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko.
  • Zorion perfektua (Anjel Lertxundi, Alberdania, 2002). Narrazioa. Liburuaren atzeko aldean jartzen du hau nobela morala dela. Piano ikasketak egiten ari den neska bat musika eskolatik etxera doala hilketa baten lekuko izan da ustekabean. Etxera joan, eta nola esan amari gertatu zaiona? Nola joan biharamunean eskolara, nola jarraitu lehen bezala bizitzen? Gurasoen kezka, berrriz, inork ikusi al duen hildakoaren ondoan, ez daukala inork ezer jakin beharrik, lasaitzeko, egiteko lo sakon, eta hurrengo eguna beste bat izango dela... Hilketa gertatu eta hurrengo hogeita lau orduetan neskaren bizipenak zein diren kontatzen du neskak berak, batzuetan handik urte dezentera duen ikuspegitik, besteetan unearen gertutasunetik.
  • Zorrotz begiratutako trenak (Bohmul Hrabal, Alberdania-Elkar-2002). Narrazioa. II. Mundu Gerran girotua, Pragan.
  • Zubi hautsia (Philip Pullman, Erein, 2005). Narrazioa. Bere nortasunaren bila dabilen neska gazte baten historia kontatzen du Philip Pullmanek nobela honetan, gordin kontatu ere. Neska protagonista aitarekin hazi da, eta eredugarritzat du hura. Ama, berriz, hila zuela uste zuen, hala esan baitzioten txikitan. Heldutasunera hurbildu ahala gurasoen bizitzak ikertzen hasiko da Ginny: aita kartzelan egon zelako susmoa du, eta ama bizirik dagoela eta “puta” dela esango diote.
  • Zu ere etorkin izan zinen (Hemen aldizkaria, 23. zk, 2009). Etorkin izateari buruzko gogoetak. Hemen erlijio gogoetarako aldizkariak “Zu ere etorkin izan zinen” dio azkeneko zenbakiko azalean. Horixe baita zenbaki honetan gogoetarako hautatu duten gaia: immigrazioa. Horri buruz idatzi dute sei adituk, nork bere talaiatik. Ramon Irizarrek eta Xabier Pikazak ikuspuntu teologikotik landu dute gaia; Argitxu Camusek Amerikako euskaldunei buruz izkiriatu du; Xabier Aierdik etorkinez eta kultur-aniztasunaz; Arturo Garcia Luciok gaia testuinguru historikoan kokatu du; eta Jean-Baptiste Akulaa Diattak eta Ida Ninisse Diattak Senegaldik Euskal Herrira etortzeaz hitz egin dute. Zenbaki honetan zuzendari berria estreinatu du Hemenek: Joxemari Arzalluz ariko da Joxe Arregiren partez.
  • Zure arimaren truke (Fernando Morillo, Txalaparta). Narrazioa. Galderaz beteriko liburua duzu hau. Zure maiteari minbizia aurkituko baliote eta urtebeteko bizia eman, zer egingo zenuke? Edo, hobeto esanda, zer ez zenuke egingo? Liburuaren protagonista, Bernat ikerlaria, ataka horretan dago. Iruri neska-laguna minbiziak jota dago, eta azken beltzera doa ezinbestean. Heriotzaren aurrean bi aukera ikusten ditu Bernatek: Iruriren alboan egon daiteke, eta hura zimeltzen ikusi; edo inoiz egin duen ikerkuntzarik harrigarrienean murgil daiteke, baina bikotekidearengandik urrun. Hala, bada, zientzia, artea eta fedearen mugak arakatuko ditu herio andereari iskin egiten saiatzeko. Maitea salbatzearren, ordea, edozer egiteko prest egongo al da, baita hura galdu behar badu ere? Galderaz galdera eta aurkikuntzaz aurkikuntza, irakurleak narrazioan aurrera egingo du etsipenetik itxaropenerako aukera bakar horren xerka.
  • Zureak egin du (Iñaki Friera, Susa, 2009). Narrazioa. Emakumeen aurkako indarkeriara gerturatzen da autorea.